Herrerako tren geltokiko istripuan hil zen Said gaztearen gorpua Marokora itzultzeko diru bilketa egiten ari dira
Joan den asteko Herrerako topoaren geltokian izandako istripu lazgarrian hil zen Said gazte marokoarra, 22 urte besterik ez zituela. Donostiara etorri zen bizitzera, baina hemen ez zuen inor. Horregatik, orain, gorpua bere senideengana eramateko diru bilketa abiatu dute haren gertukoek.
Tolosako komunitate islamdarra ari da kudeatzen diru bilketa, eta, horretarako bi kontu korronte jarri dituzte: BBVAn ES53 0182 0355 9902 1059 3553 eta CaixaBanken ES59 2100 6454 6102 0009 7332, ‘Entierro Said’ kontzeptuarekin.
Larunbat honetan, hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute Egiako Blas de Otero plazan gazteari azken agurra egiteko. Gogora ekarri dutenez, haren heriotzaren ondotik mezu arrazistekin bete ziren sareak. Besteak beste, LQNTCDD Telegram kanalean heriotzaz pozten ziren mezuak idatzi zituzten hainbat herritarrek.