Union Artesanak Bostekoa saria emango dio Eduardo Txillidaren familiari
Berritasun batzuekin dator aurten Union Artesana elkartearen danborrada: besteak beste, emakumeek parte hartu ahal izango dute gastadore gisa.
Eduardo Txillida artistaren jaiotzaren mendeurreneko ekitaldiak ixteko, eskultorearen familiari Bostekoa saria ematea erabaki du Union Artesana elkarteak. Txillida Union Artesanako bazkide izan zen eta elkarteko sari gorenarekin, “elkartean partekatutako une gozoen aitortza nabarmendu” nahi dute, prentsa ohar baten bidez azaldu dutenez. Horrez gain, Txillidaren familiako bi kidek joko dute aurten Union Artesanaren danborradan, gonbidatu gisa.
Bestalde, berritasun batzuk ere prestatu dituzte Union Artesanakoek 2025eko San Sebastian egunerako. Berritasun nagusia danborradako gastadoreei dagokiena da: “Lehenengo aldiz, Union Artesanako danborradan emakumeek postu horietan parte hartuko dute. Beraz, gure danborrada pertsona orori irekia geratuko da”.
Horrez gain, “emakumearen parte hartzea normalizatzeko asmoen barruan”, elkarteak azaldu du danbor jotzaileen artean frantses militar jantzia eramango duten emakumeek desfilatuko dutela aurten, eta, kupeletan, emakumeek aukeratu dezaketela urketariz joan edo sukaldariz. Union Artesanak 2018an eman zuen emakumeak bazkide izateko aukera irekitzeko pausoa.
Bestelako jarduerak
Berritasunez gain, Union Artesanak urteroko jarduerei eutsiko die, baita ere. Alde batetik, larunbat honetan hasi dira motorrak berotzen, iaz estreinakoz egin zuten moduan, Euskal Herria kalea Donostiako banderekin apainduz: “Bertako kaleko merkatari, jatetxe eta elkarte gastronomikoen ekarpen ekonomikoari esker egin daiteke. Izan ere, kale laburra izan arren, hiriko helduen eta haurren danborrada gehien irteten den kalea da”.
Bestalde, aurten ere Union Artesana 150 Haur Danborradak desfilatuko du Parte Zaharreko kaleetatik, San Sebastian bezperako arratsaldean: “Urteurrena ospatzeko sortu zen danborrada honek 14 urtetik beherako 156 haur biltzen ditu. Danbor Nagusiaren eta Upel Kaboaren postuak June eta Naia Ituartek beteko dituzte”.
Helduen danborradari dagokionez, aipaturiko berritasunez gain, ohikoa egingo dute: 20:55ean abiatuko dute euren ibilbidea elkartetik bertatik, eta beraiek izango dira Plaza Berriko bandera jaitsieran oholtza gainean jotzeko arduradunak, urteroko legez. Aurretik, Sarriegi plazan, Artesanako bazkide izan zen Raimundo Sarriegi konpositorearen irudiari eskaintza egingo diote eta iaz zendu ziren Artesanako danborradako kideak omenduko dituzte.