Zazpi urteko espetxe zigorra eskatu dute gizon batentzat, Donostian emakume bat bortxatzea leporatuta
Gipuzkoako Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du Donostiako aparkaleku publiko bateko komunetan emakume bat bortxatzea leporatuta auzipetuta dagoen gizon batentzat.
Efe albiste agentziak jasotako informazioaren arabera, 2021eko urriaren 12ko gauean izan zen erasoa. Akusatuak eta biktimak joko areto batean ezagutu zuten elkar egun hartan, eta establezimendutik atera ostean, inguruko aparkaleku baten sarreran topo egin zuten berriz ere. Ministerio Publikoaren idatziaren arabera, emakumea gizonarengana gerturatu zen, eskuan zuen txartelaren ordainketarekin lagundu nahian. Gizonak, ustez, aparkaleku barrura sartzeko keinuak egin zizkion eta bertako komunetan bortxatu zuen.
Fiskaltzaren ustez, gertakari horiek indarkeriaz eta haragizko sarbideaz egindako sexu erasoaren delitu bat dira. Horregatik, zazpi urteko espetxe zigorrez gain, hamalau urteko urruntze agindua eskatu du gizonarentzat, baita kartzelatik atera ostean zazpi urtez zaintzapeko askatasunean egotea ere. Era berean, adingabeekin zerikusia duten lanbideetarako sei urtez ezgaitua izan dadila eskatu du Fiskaltzak, baita biktimari 12.000 euroko kalte ordaina eta dagozkion interes legalak emateko ere.