Baionako Aviron errugbi taldeak Anoeta bete nahi du apirilaren 26an
Lapurdikoek laugarrenez jokatuko dute Donostian, eta Section Paloise izango dute arerio Top 14 ligako partidan.
Errugbiak lotu ditu azken urteotan Donostia eta Baiona. Harreman hori estutzea dute helburu bi hirietako udalek, eta horren eredu gaur goizean Donostiako Udaletxean egin duten agerraldia. Izan ere, Baionako Aviron errugbi taldeak apirilaren 26an Anoetan jokatuko duen partida aurkeztu dute. Section Paloise izango dute arerio Top 14 ligako 22. jardunaldian. Neurketa 16:30ean jokatuko da.
Aurkezpenean parte hartu dute Eneko Goia alkateak, Ane Oiarbide Ekonomia zinegotziak, Philippe Tayeb Avironeko presidenteak, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak eta Xabi Prieto Realeko ordezkariak. Luze eta zabal aritu dira Iparraldearen eta Hegoaldearen lankidetzari buruz, hori delako halako oinarria.
“Lankidetza honen bidez Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lotura sendotu nahi dugu. Errugbiaren kasuan, orain arteko esperientziak onak izan dira, eta zaleen jokabidea eredugarria izan da”, esan du Goiak. Errugbi partida hauek hirian izan dezaketen “inpaktu ekonomikoaz harago”, kirol honetaz “gozatzeko” aukera eskaini nahi dutela gaineratu du alkateak.
Datari dagokionez, ñabardura bat ere egin du Goiak: “Aurten, Espainiako Kopako finala apirilaren 26an jokatuko da Sevillan. Reala finalera iristen bada, tamalez, ezin izango naiz Anoetara joan”. Prietok alkatearen hitzak berretsi ditu, baina argi utzi du Reala finalera iristen ez bada, Anoetan izango dela. Horrekin batera, donostiarrak eta Realeko zaleak errugbi partida ikustera gonbidatu ditu.
Laugarren partida
Baionako Aviron taldea gustura aritzen da Anoetan. Aurtengoa, laugarren esperientzia izango da Anoetan. Tayeb presidenteak aitortu du leku egokia dela partidak jokatzeko, eta zaleek eguneko giroaz gozatzeko. Horrekin batera, apirilaren 26an estadioa betetzea aurreikusten dute. Ez litzateke lehenengo aldia izango, lehen neurketa jokatzean asistentzia errekorra ezarri zuelako Baionako taldeak.
Bi hirien elkarlanaren bidez, Avironek urtero partida bat Anoetan jokatzea da helburua. Baina ez da lortu nahi duten gauza bakarra: “Euskal Herriko eragile guziekin harreman iraunkorrak sortzea ezinbestekoa iruditzen zaigu batasunezko, elkartasunezko eta anbiziozko errugbia eraikitzeko, kirol hau biziarazten duten balioak islatuz. Partaidetza hau kirol lankidetza baino askoz gehiago da: lurraldeko proiektua da”.