Danborradak kartel propioa dauka, berriz ere
44 urteren ondoren, udalak hiriko festa handienaren kartel propioa berreskuratu du. Bestalde, pantaila erraldoi bat jarriko dute kaian, ekitaldi esanguratsuenak ikusteko.
San Sebastian egunerako bi berrikuntza iragarri ditu Donostiako Udalak. Batetik, Donostiako danborradaren kartel propioa aurkeztu dute, 1981. urteaz geroztik egiten ez zena. Bestetik, kaian pantaila erraldoi bat jarriko dute banderaren igoera eta jaitsiera, eta haur danborrada ikusteko.
Eneko Goia alkateak eta Jon Insausti Kultura zinegotziak aurkeztu dituzte nobedadeak. Kartela Joseba Larratxe ilustratzaile beratarrak egin du, eta danborradaren esentzia jasotzen duela esan du Goiak. Izan ere, gizon danbor jotzaile serio bat, emakume upel jotzaile alai bat eta sukaldariz jantzitako haur bihurri bat ageri dira. Larratxek berak egin zuen Euskal Jaietako irudia, eta ildo berekoa da.
Alkateak nabarmendu du San Sebastian egunerako kartel propioa egiteko tradizioa berreskuratu dutela 44 urteren ondoren, eta horrekin festak duen garrantzia modu sinbolikoan nabarmendu nahi izan dutela: “San Sebastian eguna iragartzeko azken kartela 1981. urtean egin zen. Orduan, 23 haur danborrada ateratzen ziren, eta, gaur egun, 167 danborrada daude”.
Berreskuratzeko nahia
Donostiako danborradaren kartel propioa berreskuratzeko nahiaren testuingurua Insaustik azaldu du: “2023. urtean, San Telmo museoan Clima ideal erakusketa izan genuen, eta garaiko ilustratzaileek hiriko ekitaldi garrantzitsuei egindako ekarpena jasotzen zuen. Horren harira, tradizio hura berreskuratu behar genuela pentsatu genuen, hiriko festa handiei kartel bat eskainiz”.
Horrela, San Tomas eguneko kartela berriz ere egitea erabaki zuten, eta gauza bera gertatu zen Euskal Jaiekin eta Kontxako estropadekin. “Ildo beretik, aurten danborradaren kartel propioa berriz ere egin dugu”, nabarmendu du Insaustik.
1981. urteko orain arteko azken kartelari ere erreferentzia egin dio Kultura zinegotziak: “Orduan, haur danborradan parte hartzen zuten 24 konpainiak ageri dira kartelean. Egun, ordea, 45 konpainiak desfilatzen dute”.
Pantaila erraldoia
San Sebastian eguneko bigarren nobedadea kaian jarriko duten pantaila erraldoia izango da. Zehazki, Karmingaintxo plazan kokatuko dute, eta bertatik festako unerik esanguratsuenak jarraitu ahal izango dira; hau da, banderaren igoera eta jaitsiera, eta haur danborrada.
Donostia Festak eta EITB elkarlanean aritu dira eremu berri hau sortzeko. “Pantailarekin Sebastian eguneko hiru ekitaldi nagusienak zuzenean ikusteko leku publikoak dibertsifikatu nahi ditugu, une garrantzitsu horiek modu lasaiago baina jai giroan bizi nahi duten pertsona guztiei aukera emanez”, adierazi du Goiak.