Maria Kristina zubia izango da ONCEren kupoiaren protagonista

120 urte bete dira Donostiako Maria Kristina zubia inauguratu zutenetik. Urteurren horren harira, zubia urtarrilaren 20ko, San Sebastian eguneko, ONCEren kupoiaren protagonista izango da. Efemeridea bost milioi kupoitan islatuko dute. Argazkia Donostiako Udaleko komunikazio taldeko Iñigo Aguayorena da.
“ONCEk urte batzuk daramatza hiriko egunik garrantzitsuenarekin bat egiten, gure kupoian Donostiako hainbat motibo bertan islatzen, eta zozketa San Sebastian egunarekin bat eginez”, azaldu du Usue Vallejo ONCEren Euskadiko ordezkariak.
Bestalde, Eneko Goia alkateak eskerrak eman dizkio ONCEri bere kupoien bidez Donostiako ondare historiko kulturala islatzerakoan erakutsi duen arretagatik eta sentsibilitateagatik, eta nabarmendu du Maria Kristina zubia “Donostiako Belle Epoque gisa ezagutzen denaren adibiderik onenetakoa” dela. Era berean, azpimarratu du zubia sinbolismo bat gordetzen duen elementu arkitektoniko bat dela, “beti bi ertz elkartzen dituelako, eta horrek, gaur egun, esanahi sakonagoa duela da azpimarratu nahiko nukeena”.
Oraingo honetan, zozketa eguneroko kupoi bati dagokio, eta 500.000 euroko saria jarri du jokoan zenbakiari gehi serieari, eta 35.000 euroko 49 sari saritutako zenbakiaren bost zifrei. Gainera, 250 euroko 450 sari lehen lau zifrentzat eta 450 azken laurentzat; 25 euroko 9.000 sari azken hiru edo lehen hirurentzat; eta gauza bera lehen eta azken bientzat (6 euro) eta saritutako zenbakiaren lehen edo azken zifrari 2 euro itzultzea.
Zubi eklektikoa Urumeako bi ertzetan
Maria Kristina zubi dotoreak Donostiako erdialdea Norteko Trenbidearen geltokiarekin eta Autobus Geltokiarekin lotzen du. Estilo eklektikoan, 1893ko zurezko behin-behineko pasabidea ordezkatu zuen, eta Jose Eugenio Ribera ingeniariak eta Julio Maria Zapata arkitektoak proiektatu zuten, Marcelo Sarasola eta Jose de Goicoa udal ingeniari eta arkitektoarekin batera, hurrenez hurren.
Parisko Alexandro III.aren zubia eredu hartuta, lau obelisko ditu muturretan, koroatzen dituzten eskultura multzo banarekin, armarri eta zeramika polikromatuez gain. Egitura hormigoi armatuzkoa da, estaldurak eta dekorazioa aldiz kolore gorrixkako harri artifizialekoa. Obeliskoak koroatzen dituzten zaldi irudiak Angel García Diaz eskultore madrildarrak egin zituen.
1904an eraiki bazen ere, 1905eko urtarrilaren 20an inauguratu zen, San Sebastian egunean. Maria Kristina izena eman zitzaion, Maria Kristina Habsburgo- Lorenakoa Espainiako erregina ezkontidearen omenez, uda sasoiko denboraldiak hirian pasatzen baitzituen.
Garaiko kronikek diotenez, inaugurazioa ospakizun handi baten arrazoi izan zen, La Union musika bandaren, Udaleko bandaren, Donostiako Orfeoiaren edo Udal Musika Akademiako abesbatzaren emanaldiarekin. Ehun bat umek osatu zuten, eta Santesteban maisuak apropos konposatutako ereserkia interpretatu zuten.