«Danbor nagusia izateaz gain, nire urtebetetzea ere izango da urtarrilaren 20an»
Danborrada orok danbor nagusi bat behar du behar bezala zuzenduta egon dadin, eta aurtengo haur danborradako danbor nagusia Ander Alustiza Salsamendi izango da. Amassorrain ikastolako ikaslea da, eta danborradaren aurkezpenean azaldu duenez, “oso urduri” dago San Sebastian egunerako.
Izan ere, data oso berezia da Alustizarentzat, eta ez danborradarengatik soilik: “Danbor nagusia izateaz gain, nire urtebetetzea ere izango da urtarrilaren 20an. Hamaika urte beteko ditut”.
Danbor nagusiak azaldu du bere zeregina 5.000 haur zuzentzea izango dela egun horretan, eta esperientzia hori ez dela askotan gertatzen den zerbait, “bizitzan behin bakarrik” jazotzen delako. Lau urte daramatza haurren danborradan jotzen, baina danbor nagusi izateko “asko” entseatu duela nabarmendu du. Gainera, Alustizak adierazi du etxean eta eskolan “oso pozik” daudela denak bera danbor nagusi izateagatik.
Egunean bertan, “asko disfrutatzea” da danbor nagusiaren plana.