Donostian aurkeztuko dute Euskal Herriko torturatuen sarea
Hainbat urteko lanaren ondoren sortu dute Euskal Herriko torturatuen sarea, indar polizialengandik tortura pairatu duten herritarrak saretzeko helburuz. Otsailak 15ean egingo dute batzar eratzailea Kursaalean, goizeko 9:30ean.
Iratxe Fresnedak aurkeztu du sarea gaur egindako prentsaurrekoan. Azaldu duenez, “Frankismoaren garai ilunenetik hasita”, eta kasik gaurdaino, “milaka euskal herritarrei” aplikatu zaie tortura, “sistematikoki”.
Torturatutako 700 lagun elkartu dira azken urteotan, sarearen helburuak zehazteko. Otsailaren 15ean aurkeztuko dituzte helburuok, baina gaurko prentsaurrekoaren bitartez, “ahalik eta torturatu gehienengana” iristeko asmoa erakutsi dute, eta gonbidapena luzatu: “Euskal Herrian torturak jasandako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin”.
Torturatuen aitortza “publiko, sozial eta ofizialerako” garaia dela aldarrikatu dute eta garaia dela “herri honen kontra tortura modu sistematikoan erabili izan dela aitortzeko”. Hori lortzeko elkartu dira, subjektu gisa ahots propioa izateak berebiziko garrantzia izanen duela iritzita.
Tortura Donostian 50 urtez
Salaketa egin, testigantza eman edo Istanbuleko protokoloa pasa dutenen artean, 431 kasu zenbatu ditu Euskal Memoriak. Donostian 373 gizonezkoak izan dira (%86,5) eta 58 emakumezkoak (%13,5) dira. Frankismo garaiko datu gutxi batu diren arren, Espainiako demokrazia hasi zenetik, salaketa ugari izan dira. 1980ko hamarkadan, 115 izan ziren. 1990koan, 130, eta 2000koan, 113. 2002an 34 kasu salatu ziren, eta 1992an, berriz, 32. 2006. urtea izan da 1970etik torturarik salatu ez den urte bakarra. Erreportaje zabala egin genuen hedabide honetan, 2022ko otsailean, torturak hirian izandako eragina aztertuz.