Ia 5.000 haurrek hartuko dute parte San Sebastian eguneko haur danborradan
San Sebastian eguneko haur danborradaren aurkezpena egin dute eguerdian udaletxeko udal batzar aretoan. Eneko Goia alkateak eta Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzi Jon Insaustik ongietorria egin diete danborradako pertsonaiei, eta haurrak pozik agertu dira ekitaldian, pertsonaien jantziak soinean zituztela.
Haurren danborradek San Sebastian egunari aurrea hartu, eta lehenago hasiko dira hirian danborrak eta upelak astintzen. Hala, urtarrilaren 17an, ostiralean, hamahiru ikastetxek euren desfileak antolatu dituzte Ibaeta, Aiete, Parte Zaharra, Altza, Bidebieta, Martutene, Gros, Antigua, Intxaurrondo eta Amara auzoetan. Danborrada horiek jarraipena izango dute urtarrilaren 19an, Parte Zaharrean, Gaztelubide Txiki, UA 150 Haur Danborrada eta Kresala Txikiren eskutik. Urtarrilaren 20an, aldiz, eguerdiko desfile handiaren ostean, arratsaldez Amaratarra Txiki Danborradak emango die amaiera aurtengo haur danborraden irteerei.
Ander Alustiza, aurtengo danbor nagusia
San Sebastian egunean, 12:00etan hasiko da haur danborrada, Alderdi Ederren. 4.625 haurrek hartuko dute parte, eta hiriko kaleak zeharkatuko dituzte Sarriegiren martxak interpretatuz, 38 ikastetxetan edo elkartetan, 45 konpainia osatuz. Eta konpainia horien guztien buru Ander Alustiza Salsamendi danbor nagusia izango da, Amassorrain ikastolakoa. Berak zuzenduko du udaletxetik abiaraziko den danborrada eta berak emango dio hasiera Sarriegiren martxak Erdialdeko kaleetan zehar interpretatuko dituen desfileari.
Haur danborradari hasiera emateko bi laguntzaile izango ditu danbor nagusiak: alkatea eta notarioa. Harri Berri Oleta ikastetxeko Liher Jimenez Paredes, alkatea, eta Ane Gardon Garcia, notarioa. Haiekin batera, Gari Perez Garcia jenerala eta Aya Ramlaouane laguntzailea egongo dira.
Pertsonaiek karrozan egingo dute desfilea
Azken urteotan bezala, haur danborradarekin batera karroza handi bat aterako da. Bertan XIX. mende hasierako gizarte zibileko pertsonaiak egongo dira. Aurtengoan, Harri Berri Oleta ikas haurrek interpretatuko dituzte pertsonaiak.
Honakoak izango dira pertsonaiak: Irati Lopetegi Jordana izango da Easo Ederra, Maialen Casasola Navarro eta Irati Erquicia Puerto damak, Alba Soto Jara eta Ioar Perales Gonzalez hiritarrak, Aroa Lizarraga Castillo batelaria, Mikel Erquicia Puerto arrantzalea, Berta Millan Belloso irulea, Maddi Martinez Naumowicz inudea, Jon Narbaiza Parra artzaina, Oiez Sanz Fernandez dendaria, Alaitz Garcia Duran urketaria, eta Kilian Gonzalez Varga mandazaina.
Azkenik, palafrezainak honakoak izango dira: Ivan Cajigos Zelaia, Mare Lizarraga Castillo, Leia Llamazares Egües, Irati Llamazares Egües, Marko Millan Belloso eta Ian Morcillo Palacio.