Ligako ordutegien aurka agertu da Bultzada: «Futbola hiltzen ari zarete»
Aspaldiko eztabaida da gizonezkoen Espainiako Futbol Ligako ordutegien ingurukoa, egutegi estua eta telebistak direla eta, ordutegi txarrak izaten baitituzte askotan ligako taldeek, zaleen kalterako. Realaren kasuan, eztabaida pil-pilean egon da azken astean, partidak pilatu direlako, zaleentzako batere onak ez diren ordutegietan, astean zehar: astelehenean, 21:00etan jokatu zuten Vila-realen aurkako ligako partida eta, ostegunean, 19:30ean jokatuko dute Rayo Vallecanoren aurkako kopako neurketa.
Zaleak ez ezik, Reala bera ere “haserre” agertu zen ordutegiekin. Bultzada Txuri Urdina animazio taldeak, bere aldetik, egoera salatzeko ekintza egin zuen astelehenean bertan —20.000 zale inguru joan ziren Anoetara, ohi baino nabarmen gutxiago—, partida hasi zenean. Hain zuzen ere, bosgarren minutura arte Aitor Zabaleta harmaila hutsik eduki zuten protesta modura, eta Javier Tebas ligako presidentearen jarduna kritikatu zuten, bi kidek egindako agerraldi adierazgarri batekin.
Ekintzaren bideoa argitaratu du Bultzadak, ligarentzako mezu argi batekin: “Futbola hiltzen ari zarete”. Behean ikus dezakezue bideoa:
FUTBOLA HILTZEN ARI ZARETE
— Bultzada TxuriUrdina (@BultzadaTX) January 14, 2025
ORDUTEGI DUINAK ORAIN! pic.twitter.com/8ibSQirKAR