«Bizi ditugun gerra garai ilun hauetan, festaren izaera festazalea azpimarratu nahi izan dut»
Berako Joseba Larratxe marrazkilariak egin du 2025eko danborradaren kartela.
Donostiako Udalak herenegun aurkeztu zuen San Sebastian eguneko kartela. Donostiako danborrada du oinarri, eta Berako Joseba Larratxe marrazkilariak egin du. Hain zuzen ere, 44 urteren ondoren, hiriko festa garrantzitsuenaren kartel propioa berreskuratzea erabaki du udalak.
Gaur goizean, Larratxek helduen danborradaren aurkezpenean parte hartu du, eta kartelaren nondik norakoak azaltzeko aukera eman diote. Lehenik eta behin, udalari eskerrak eman dizkio Donostiako festen kartela egiteko harturiko iniziatibarengatik: “Modu bat da inguruko diseinatzaile eta marrazkilari profesionalei lan duina eskaintzeko, eta sektorea profesionalizatzera bultzatzeko”.
Kartelaren kontzeptua
Nafarrak kartelaren kontzeptua zein den argitu nahi izan du: “Bizi ditugun gerra garai ilun hauetan, funtsean desfile militar bat den festa honen izaera festazalea eta parodikoa azpimarratzeko beharra sentitu nuen. Badakit donostiarrek asko sentitzen duzuen festa dela, oso solemnea dela, eta kutsu hori eman diot kartelari”.
Horrekin batera, kartelean ageri diren hiru elementuen harremana azaldu du: “Saiatu naiz bi figura garrantzitsuenak, danborraria eta urketaria marko handi bat izatea, kartelaren protagonista denarentzat. Hori, bien erdian eta atzean dagoen neskatxa da, eta arreta deitzen duena da. Sukaldariz jantzita dago eta guri begira barrez. Hau festa bat da, ez dezagun gehiegi sinetsi soldadu napoeloniko batzuk garela. Beraz, espero dut jendeak ulertzea tonu hori, eta ondo iruditzea.
Donostiako danborradaren kartela ez ezik, hiriari loturiko beste diseinu batzuk ere egin ditu Larratxek. Hala nola, 55. Jazzaldiko kartela eta 2024ko Euskal Jaiena.