Aurrera taberna: frankismo betean, arnasgunea
Juani Mendiolaren alabak dira Lore, Idoia eta Aizpea Goenaga. Alegia, Erdialdean zegoen Aurrera taberna mitikoan hazi eta hezi ziren hirurak. Haiek kontatu digute amaren eta amonaren tabernak nola egin zion aurre frankismoaren garai ilunari.
Pelikula baterako eszenatoki perfektua da Aurrera taberna. Donostia frankismo betean zela, diktaduraren errepresiotik ihes egiteko leku bat izan zen, arnasgune bat. Urbieta kaleko 12. zenbakian zegoen hotel batean ireki zuten Aurrera taberna eta jatetxea. Kontatzen dutenez, hotel hartan atxilotu zuten Mata Hari espioi ezaguna, eta legez kanpoko atxiloketa zenez, Hendaiara eraman zuten, Frantzian epaitu eta heriotza zigorrera kondenatzeko. Baina hori beste istorio bat da. Aurrera tabernak gordetzen duen beste istorio harrigarri bat gehiago.
Espainiako 36ko gerra amaitu berritan, alargun geratu zen Isabel Barkaiztegi Sasiain, lau seme-alabekin. Tartean, ondoren taberna gidatuko zuen Juani Mendiola. Eta aurrera egin behar zuen. Honela kontatzen du haren biloba Aizpea Goenaga aktore donostiarrak: «Emakumeen arteko taberna bat bihurtu zen: oso familiarra, emakume oso indartsuekin». Garaia ez zen xamurra: «Errepresioa izugarria zen, amonari, besteak beste, ilea moztu zioten frankistek, zigor gisa». Frankistek, gainera, tabernari izena aldatzeko agindua eman zuten, euskaraz zelako, eta hainbat hilabetez itxi egin behar izan zuten: Urbieta taberna izan zen urte askoan zehar.
Bertan hazi eta hezi ziren Goenaga Mendiola anai-arrebak: «Jendez gainezka zegoen beti jatetxea, eta kulturalki, zein politikoki oso-oso anitza zen». Oroitu dute amona oso fededuna zela eta egunero joaten zela mezetara. Ordea, frankistek jo-puntuan zutela eta, «segurtasuna bermatzeko» Gipuzkoako Alderdi Komunistako buruzagietako batek «eskolta lanak» egiten zizkiola, eta tabernatik elizara eta elizatik tabernara «besotik helduta» laguntzen ziola.
Txoria, txori
Donostiako bizitza politiko eta kulturalean erreferentea zen, zalantzarik gabe. Lekuak horretarako ematen zuen: taberna eta jatetxeaz gain, bigarren solairuan bi jangela eta bodega bat zituen. Bilera politiko eta kulturalak izaten ziren egunero. Euskaltzaindiak bilerak bertan egiten zituen bazkalostean, eta beste hamaikak ere: Realekoek, Orioko estropadetakoek, Jarrai antzerki taldekoen entseguak, liburu aurkezpenak bodegan… Ez Dok Amairuren lehen bilerak eta entseguak ere Aurreran izan ziren.
Hain zuzen, Joxean Artze poeta usurbildarra bertatik ibiltzen zen Isturitzetik Tolosan Barru bere lehen poema liburu itzela prestatzen. Juani Mendiola eta haren senar Jose Luis Goenaga oso zaleak zirenez gero, diruz lagundu zuten liburua argitaratzen. Baina hedapena eman asmoz, Mendiolak Artzeri eskatu zion bi poema aukeratzeko, eta tabernako mahai-zapietan inprimatzeko eta, honela, bezero guztiek irakurri ahal izango zuten. Mikel Laboa eta Marisol Bastidak hor hartu zuten poema, eta Bastidari ikaragarri gustatu zitzaionez, etxera eraman zuten zapia. Han sortu zuen Laboak euskal kantutegiko kanturik ezagunenetako bat: Txoria, txori. Goenagak amaren kulturzaletasunarekin lotzen du kantuaren sorrera: «Gustatzen zait pentsatzea kanta horrek hiru hanka dituela: Artze, Laboa eta gure ama».
‘Txoria, txori’ kantu mitikoa Aurrera tabernari esker sortu zen: Juani Mendiolak Artzeren poema inprimatu baitzuen tabernako mahai-zapietan
Errepresioa eta erasoak
Goenaga ahizpek «beldurrez» oroitzen dituzte une asko. Hamaika dira haurrak zirela jasan zituzten eraso zein mehatxuak. Ez dakite zenbatzen zenbat aldiz sartu zen Guardia Zibila etxera, norbaiten bila edo, besterik gabe, erregistratzera: «’En este libro pone ETA‘, zioten, eta guk, azaldu behar: ‘ETA significa Y…’». Jendearen bila etortzen ziren ere, edo galdekatzera. Manifestazioen amaieran jendea ezkutatzera etortzen zela egia da: «Behin tipo bat izozkailuan ezkutatu zen… gizajoa izoztuta atera zen!», oroitu dute barrez.
Burgosko prozesuan edo Txiki eta Otaegiren epaiketan, «benetako beldurra» pasatu zuten, eta seme-alabak Alkizara bidali zituen Juanik, gerta zitekeenaren beldur. Han ibiltzen baitziren abokatuak eta nazioarteko kazetariak, besteak beste. Okerrena, ordea, jasandako erasoak izan ziren: «Molotov koktel batez eraso egin zioten, eta gortinek su hartu zuten. Eskerrak serenoa pasatu zela, eta kalte handirik gabe igaro zen». 1977an, eraso larri bat izan zuten gerora, Comando Mussolini deitutako talde batek heriotza mehatxua egin baitzien «zerri separatista eta marxistak» zirelakoan.
Elkartasun izpiritua
Erasoen aurrean, elkartasuna izan zen Aurrera tabernaren bereizgarri bat. Kazuelak eta kazuelak bidaltzen zituen Juanik kartzeletara, eta Amnistiaren Aldeko Mugimendua sortzen lagundu zuen bertan. Askotan etortzen omen zen jendea, dirurik gabe, «etxekoandreaz» galdezka. Juanik, barrura sartu, eta etxekoek jaten zuten bera zerbitzatzen zien. Aizpea Goenagak, artean haurra zela, amari esan zion jendea enteratuz gero, aprobetxatuko zirela. Eta «bizitzako irakaspena» eman zion Juanik: «Espero dugu ezetz, baina zu inoiz egoera horretan bazeunde, nahiko zenuke norbaitek laguntzea».
Elkartasun izpiritu hori ez zen sekula itzali, baina urteak aurrera egin ahala, eta erreleboa ez zutela ikusirik, taberna txikitzen joan ziren, self-service bihurtuz 1977an, Har eta Jan izenarekin, gutxika pertsiana jaitsiz. Honela, egun, Aurrera izena duen gastrotaberna bat dago behin frankismoaren kontrako erdigune kultural eta politikoa izan zen tabernaren lekuan. Hiriak zenbat galdu duenaren adibide bat gehiago, besterik ez