«Danborra ondo jotzea baino garrantzitsuagoa da estetika zaintzea»
Modaren munduan aitzindaria da Kontxu Uzkudun, eta horregatik jasoko du domina. Minimil marka Donostiatik nazioartera eraman du.
Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzeak zer esan nahi du zuretzat?
Domina bat jasotzeak edozein alaitzen du, eta, noski, asko poztu nau aitortzak. Berandu etor daitezkeen arren, errekonozimenduak beti dira ongietorriak. Gainera, ez nuen Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzea espero, baina oso gustura hartuko dut.Zure alorretik zein da hiriari egindako ekarpena?
Moda diseinatzaile gisa eta Minimil markarekin egindako ibilbide luzea aipatuko nituzke. Azken batean, hori da udalak aitortuko diguna. Izan ere, lantalde bat gara, nahiz eta domina nik jasoko dudan. Nire bi alabek eta beste hainbat langilek osatzen dute Minimil, eta guztion meritua da 1970eko hamarkadatik gaur egun arte lorturikoa. Horrez gain, Donostian dugun dendak urteotan iraun izana esanguratsua da. Zer dira lekuak dendarik gabe? Egia esan, oso pozik nago lortu dugunarekin. 60 urte daramatza modaren munduan, merezi duelako.
San Sebastian bezpera eta eguna nola biziko duzu?
Ez naiz San Sebastian doinuen zalea, ezta parranda zalea ere. Horrela ere, afari goxo bat egingo dugu San Sebastian egunaren bezperan. Hori bai, orain arteko bereziena izango da jasoko dugun dominarengatik. Danborrada batzuk ere ikusiko ditugu, baina eguna sutsuki bizi gabe. Donostiako festarik ederrena iruditzen zait, ondo janzten direlako protagonistak. Egunerokoan baino hobeto. Danborra ondo jotzea baino garrantzitsuagoa da estetika zaintzea.