Egia, anbulatorio duin baten alde borrokan
Egiako bizilagunak haserre daude auzoko anbulatorioko baldintzengatik. Asteak daramatzate protestan, sinadurak biltzen eta elkarretaratzeak egiten, Egia Bizirik Auzo Elkarteak sustatuta. Prentsaurrekoa egin zuten manifestazioa iragartzeko eta 33 eragile batuko dira gaurko manifestazioan.
Osasungintzan dauden arazo guztien atzean, hamaika istorio pertsonal daude, zein baino zein larriagoa. Egiako anbulatorioan, iaz, ez zen pediatrarik izan, itxuraz, bajan zegoelako, eta haren ordezkorik jarri ez zuelako Osakidetzak. Auzokideak, haserre eta larriturik. Gorka Etxeberria bizilagunak azaldu digu haiei gertatutakoa: «Haurrek 10 urte betetzean egin beharreko errebisioa zuten maiatzean, baina medikurik ez zegoenez, azarora atzeratu ziguten. Ordea, urrian, esan ziguten ez zegoela medikurik eta ezingo zela egin. Gabonetan etorri zitzaigun kolpea: semeak barizela izan zuen, hain zuzen errebisio horretan bigarren txertoa jarri ez ziotelako». Ez zuen okerrera egin, baina Gabonak erdi bakartuta pasatu zituzten, aitona-amonak kutsatzeko beldur.
Txaro eta 10 urteko Mañel semea, laringitis edo faringitisa zuelakoan, anbulatoriora joan ziren. Medikuak artatu zuen, baina pediatrarik ez zenez, ezin zion medikamenturik errezetatu eta eman zioten irtenbide bakarra ospitalera igotzea izan zen, berriz artatua izan zedin. Hau dena, izugarrizko sukarrarekin.
Beste adibide bat: ama gorra duen lau urteko haur bat. Astelehen batean haurrak mina hartu zuen eskolan. Asteartean, hanka mugitu ezin zuenez, eta telefonoz ezin zuenez zitarik hartu, anbulatoriora eraman zuen haurra, besoan hartuta. Medikurik ez, eta bi aukera eman zizkioten, ostegunean zita edo Intxaurrondoko edo Altzako anbulatorioetara joatea.
Hauek bezalako beste hamaika kasu jaso dituzte Egia Bizirik auzo elkartean, eta egoerarekin nazkatuta, manifestazioa egingo dute gaur.
Osakidetzaren arazo orokorra
Auzo elkarteak egindako irakurketaren arabera, Osakidetzaren arazo nagusia langile falta da: «Medikuak falta dira, erizainak falta dira, administrazioko langileak falta dira… Arazo orokorra da, eta urte askoren emaitza da, osasun arreta pribatizatzearen alde egiten duen politika baten emaitza». Arazo orokorrak, hain zuzen, Egian ere ondorioak dituela salatu dute.
Gaixotasun bajan edo amatasun lizentziarekin dauden medikuen kasuan, ordezkapenak ez direla egiten salatu dute, esaterako, eta, egoera hori «hilabetetan» luzatzen dela: «Hilabetetan pediatrarik gabe egon gara Egiako anbulatorioan. Askotan, kontsultara joaten ziren haurrak beste auzo batzuetara bidaltzen zituzten, edo, okerrago, ospitalera, larrialdietara».
Auzo elkarteak uste du auzoko egoera «arazo orokorra» dela: «Urte luzetan pribatizazioaren alde apustu egin duen politikaren ondorio eta emaitza da esku artean dugun egoera hau. Eredu honen aldaketa atzeraezina da. Beharrezkoa da errotiko aldaketa, unean uneko partxeo eta erretoke faltsuak gainditu eta egiturazko arazoei irtenbidea emango diona».
Urritik hona sinadura bilketak, elkarretaratzeak eta bilera eskaerak egin dituzte. Mobilizazioetan jendea batu den arren, bilera eskaerei ez diete erantzunik eman, eta horregatik egingo dute gaurko mobilizazioa.
Egoerarekin kezkatuta, 30 eragilek eman diote atxikimendua mobilizazioari: Egia zeinuka, Azoka Txikia, Latxaga guraso elkartea, Donostiako Bilgune Feminista, Asociacion Egiatarrra, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Egihaurgunea, Xabier Elkartea, Aitzarte Mendi Taldea, Egia Eskubaloia, Arrano Elkartea, Egia Bizirik Auzo Elkartea, Txoko Berri Elkartea, Ongi Etorri Eskolara, Josemi Zumalabe Fundazioa, Porrontxo Jai Batzordea, Ateri Koop, Trebeska Dantza Taldea, Gora egia, Gordegia, Egiako Gazte Asanblada, Egiako Sare, Donosti Gain Elkartea, Urzaleak Elkartea, Egialai Elkartea, Elkarrekin kooperatiba txikia, Txondorra eta Literatura Solasaldiak.
Sektore guztiak inplikatzera deitu du auzo elkarteak, eta horretarako, manifestazioa antolatu dute, gaurko, urtarrilaren 17rako, Egian ere kalitatezko Osasungintza Publikoaren alde. Murrizketarik ez. Lehen arreta indartu lelopean. 18:00etan irtengo da Egiako Plaza Berritik, auzoko kaleak zeharkatuz, Plaza Haundin ekitaldi batekin amaitzeko.