Egiako auzotar asko elkartu dira anbulatorioaren egoera iraultzeko
600 herritar inguruk parte hartu dute osasungintza publikoaren aldeko manifestazioan.
Kezkatuta daude anbulatorioaren gabezia eta murrizketekin. Horregatik, ehunka auzotarrek Egiako kaleak hartu dituzte osasungintza publikoaren aldeko manifestazioan. Egia Bizirik auzo elkarteak deituriko mobilizazioarekin 30 bat eragilek eman diote atxikimendua. Auzotarrek ere babestu dute martxa, eta auzoari buelta eman diote gaur arratsaldean. Hain zuzen ere, anbulatorioaren egoera iraultzeko.
Murrizketarik ez. Lehen arreta indartu lelopean abiatu dira Plaza Berritik, eta bidean herritar asko jaso dituzte manifestazioaren ilara luzean. Atotxa pareraino joan, eta Maria Reina elizaraino igo dira, Plaza Haundin bukatzeko. Azken hilabeteotako eta egunotako egoeraren berri eman dute bukaera ekitaldian, eta, bukatzeko, denen artean bertso bat kantatu dute.