Final-laurdenetara, oztopoen gainetik eta nagusitasunez
Realak mendean hartu du Rayo Vallecano, etxean 3-1 irabazita. Kopan aurrera egin dute txuri-urdinek, partida bikaina eginda.
Kopako final-zortzirenetako kanporaketa jokatu zuten ostegun iluntzean Anoetan Realak eta Rayo Vallecanok, eta talde donostiarra hasieratik bukaerara izan zen nagusi, laugarren urtez jarraian final-laurdenetarako txartela lortuz.
Ordutegien aferaren harira, haserre pasatu du astea Realaren inguruak, nagusiki, Rayo Vallecano Reala baino 72 ordu gehiago atseden hartuta heldu zelako Anoetara. Hala ere, jokalari txuri-urdinei ez zitzaien nekea nabaritu eta, harmailetan zeuden 27.000 zaleen hauspoari esker, 3-1 garaitu zuten talde madrildarra.
Vila-realen aurkako asteleheneko partidako ia hamaikako berbera zelairatu zuen Imanol Alguacil entrenatzaileak, hiru aldaketarekin: Zubeldia, Barrenetxea eta Olasagasti zelairatu zituen hasieratik, Elustondoren, Mendezen eta Gomezen ordez.
Horrela, linea guztietan sendo aritu ziren txuri-urdinak: Remiro, seriotasun handiz atean; atzelariak, Aguerd eta Zubeldia buru inor pasatzen utzi gabe eta hegaletatik Arambururen eta Aihenen bidez erasoan zein defentsan indartsu; erdilariak, Olasagasti, Sucic eta Zubimendi, partida hasieratik bukaerara kontrolatzen; eta, aurrelariak, Oiartzabal, Kubo eta Barrenetxea, etengabe presioan eta arriskua sortzen, bereziki, Kuboren eskutik. Izan ere, forma bikainean dago japoniarra, eta geldiezina dirudi azkenaldian.
23. minutuan, lehenengoa
Ondo hasi zuen neurketa Realak eta laster jarri zen aurretik markagailuan: Kubok bereak egin zituen eskuin hegaletik, erdiraketa bikaina egin zuen eta baloia bultzatu baino ez zuen egin behar izan Oiartzabalek.
Horrekin konformatu ez, eta erasoan jarraitu zuten txuri-urdinek. Horrela, area kanpotik gol ederra sartu zuen Olasagastik lehenengo zatiko luzapenean. Ordea, dena ez zen hain polita izan atsedenaldira iristerako, luzapen horretan bertan Zubeldiak penaltia egin baitzion Trejori, eta madrildarrek distantziak murriztu zituzten horrela, Remiro jaurtiketa gelditzetik gertu egon bazen ere.
Bigarren zatian, antzeko jarraitu zuen partidak, eta Realak hirugarrena sartu zuen 60. minutuaren bueltan, Kuboren jokaldi izugarri baten ostean. Ordea, epaileak jokoz kanpokoa adierazi zuen VAR sistemaren laguntzaz eta bertan behera utzi zuen gola. 77. minutuan, bigarren txartel horia ikusi zuen Rayoko Pacha jokalariak eta dena are aldeago jarri zen etxekoentzat.
Hain zuzen ere, Brais Mendezekin eta Turrientesekin batera zelairatu berri zen Sergio Gomezek faltaz sartu zuen hirugarrena 79. minutuan. Erdiraketa bat zen, baina madrildarren atzelariek huts egin zuten eta baloia sarera heldu zen. Horrela, final-laurdenetarako txartela itxi zuen Realak, eta erakutsi zuen forma onean dagoela, hiru txapelketetan oso bizirik baitago.