Frontoia bueltan, jai gune nagusiaz gozatu ahal izango dute Antiguan
Hainbat berritasunekin datoz aurtengo Antiguako sansebastianak. Frontoia erabilgarri izango dute berriro ere, eta garai batean egiten zen krosa berreskuratu dute, arrakasta handiz.
Antiguako sansebastianak berritasun ugarirekin datoz aurten. Alde batetik, jai batzordean belaunaldi aldaketa izan dute, eta lehengo antolatzaileek auzotar gazteagoei eman diete lekukoa. «Guretzako berria zen antolakuntzan lehen lerroan aritzea, baina aurreko urteetan egindako lana hartu dugu erreferentzia gisa», azaldu dute Oier Irazustak (Antigua, 2004) eta Markel Berasaluzek (Antigua, 1998), jai batzorde berrituko kideek.
Biak ala biak antolakuntza taldean aritu izandakoak dira lehenago ere, baina bigarren plano batean. Aurten, iaz ez bezala, frontoia zabalik egoteak antolakuntza erraztu diela pentsatzen dute. «Aurreko urtean, frontoia ez genuenez, beste jai gune bat muntatu behar izan genuen karpa batekin. Azkenean, asteburu bakarreko jaiak egin behar izan genituen, eta hori ez da ohikoena hemen. Aurten, berriro asteburu luzea sansebastianekin amaituko dugu, eta beste asteburu bat ere izango dugu», adierazi du Irazustak. Horrela, egitaraua gaurtik hilaren 20ra eta 24tik 26ra bitarteko jarduerekin osatu dute.
Kirol jarduerak, berritasun nagusi
Antiguako krosa berreskuratu dute aurten, eta «sekulako arrakasta» izan duela baieztatu dute antolatzaileek: «Astebeteren faltan, 500 izen emate pasatu ditugu». 2012ra arte egin zuten kros hori auzoan, Platero atletismo taldeak antolatuta, eta atzera begiratuz, 1925eko kroseko argazkiak ere topatu dituzte. «Ikusten genuen auzoan parranda asko zegoela, kultura ere bai, baina kirol aldetik, aurten krosak indar handia izango du», nabarmendu du Irazustak.
Horrez gain, Ziklokross Kinkia ere egiten dute, eta aurten, ondo funtzionatu duen beste jarduera bat emakumeen pala txapelketa izan da. «Horrez gain, giza proba egingo dugu Istingorra kalean», adierazi dute.
Hala ere, berritasun guztiak ez daude kirolarekin lotuta. Izan ere, lehen aldiz, Holi festa egingo dute, Ongi Etorri Eskolarak antolatuta.
Kontzertu handi bat
Jarduera berriez gain, lehendik bazeudenak indartzeko apustua ere egin dute aurten. Hain zuzen ere, kontzertuei dagokionez, «talde indartsu bat» ekartzea erabaki dute: Skabidean taldea igoko da oholtzara bihar. «Auzorock deitzen den asteburuan, auzoko musikariei agertoki baten gainean jotzeko aukera ematen diegu, eta bigarren egunean, Antigua rock egunean, Skabidean ekarriko dugu. Ea nola ateratzen den, baina guk aurreikusten dugu jende asko mugituko dugula. Antiguako auzotarrez gain, Donostia guztiko jendea etortzea nahi dugu, baita Gipuzkoa osora zabaldu ere», azaldu du Berasaluzek.
Frontoia berriro ere erabilgarri dutenez, jai gune nagusia bihurtuko da berriz. Frontoira itzuliko dira txosnak, eta kontzertuetarako agertokia ere bertan izango da.