Noriaren gisan, bueltaka

Erdialdetik pasatu ez denak akaso ez daki: bai, noriak jarraitzen du Alderdi Ederren. Otsailaren 2ra bitarte izango da bertan —parkingean arrakalak egiten jarraitzen ez badu, behintzat — eta, honela, Donostiak lortzen du Gabonetako izpiritua apur bat gehiago luzatzea.
«Gabonak urte osoan!», aldarrikatuko du gauzak saltzeaz bizi den baten batek. Horrelakoetan Komite Ikustezinaren pintaketa datorkit gogora: «Hurrengo Gabonak izango dira itsaskiak jango ditugun azken urtea!». Etorkizun ilunak ikusten dituztenen bandoan nago ni, badakizue.
Zeren, noriak noria, hor goian bizilagunen miseriak baino ez dira ikusten. Eta Alderdi Eder goi-goitik ikusten da La Sirena aterpetxea; negu gorrian ere itxita. Eta ikusten da Hontza liburu denda, etorkizun laburrean itxita. Eta ikusten dira pintaketa arrazistak, eta lan baldintza kaskarrak sansebastianetan, eta beste hainbat miseria.
E, aizu, eta ideia bat… Eta noriaren moduan hiri honi bueltak ematen hasiko bagenu urtea?