San Sebastian egunean murgildu dira haurrak dagoeneko
Ohiko legez, haurrak izan dira San Sebastian egunean murgiltzen lehenengoak. Hain zuzen ere, haur danborradaren aurkezpen ekitaldia egin dute ostiral eguerdian Viktoria Eugenia antzokian, astelehen eguerdian Alderdi Ederretik aterako diren danborrada guztietako ordezkariekin; 45 dira guztira haurren konpainiak, ia 5.000 parte hartzailerekin.
Ekitaldia hastear zela, nabaria zen haurrek urduritasuna antzokian, danbor eta upel hotsen zalaparta baitzen nagusi. Ordea, Sua Enparantza eta Xanti Korkostegi aurkezleak oholtzara atera direnean, azkar bereganatu dute haur guztien arreta. Denetik izan du ikuskizunak: dantza ikuskizun ikusgarria, Kresala dantza taldearen emanaldi laburra, Union Artesanako gastadore bihurrien bisita, labana jaurtitzaile bat, helduen danborrada batzuetako ordezkarien agerraldia, eta abar.
Amaiera aldera, Eneko Goia alkateak hartu du hitza, San Sebastian eguna antolatzeko eta egunean bertan dena ondo ateratzeko gogor lan egiten duten guztiei eskerrak eman, eta Amassorrain ikastetxeko Ander Alustiza danbor nagusiari aginte makila emateko. Jarraian, denek batera jo dute San Sebastian martxa ekitaldiari amaiera emateko.
Bestalde, Harri Berri Oleta ikastetxeko Liher Jimenez Paredes da aurtengo alkatea eta Ane Gardon Garcia notarioa. Haiekin batera, Gari Perez Garcia jenerala eta Aya Ramlaouane laguntzailea egon dira. Gainontzeko pertsonaiak ere bertan izan dira: Irati Lopetegi Jordana Easo Ederra, Maialen Casasola Navarro eta Irati Erquicia Puerto damak, Alba Soto Jara eta Ioar Perales Gonzalez hiritarrak, Aroa Lizarraga Castillo batelaria, Mikel Erquicia Puerto arrantzalea, Berta Millan Belloso irulea, Maddi Martinez Naumowicz inudea, Jon Narbaiza Parra artzaina, Oiez Sanz Fernandez dendaria, Alaitz Garcia Duran urketaria, Kilian Gonzalez Varga mandazaina eta Ivan Cajigos Zelaia, Mare Lizarraga Castillo, Leia Llamazares Egües, Irati Llamazares Egües, Marko Millan Belloso eta Ian Morcillo Palacio palafrezainak.