Hamabi tona zabor jaso dituzte San Sebastian egunaren bueltan
Donostiako Udaleko kale garbiketa zerbitzuak hamabi tona pasatxo (12.150 kilo) hondakin jaso ditu hiriko kaleetan, San Sebastian egunaren bueltan, hilaren 19an eta 20an.
Hala azaldu dute udaleko iturriek eta datu zehatzago batzuk ere eman dituzte: 12.150 kilo horietatik, 7.560 kilo hilaren 20ko goizaldean jaso zituzten eta 4.590 hilaren 21eko goizaldean. Iaz, soilik Parte Zaharra eta Erdialdea kontuan hartuta, hamaika tona zabor jaso zituzten.
Udalak kale garbiketa zerbitzua indartu du aurtengo sansebastianetan, besteak beste, iazko kale garbitzaile kopuru ia bikoitza jarriz: 46 aritu dira lanean aurten, iaz 25 izan zirenean. Udalak egindako aurreikuspenak bete dira, gutxi gorabehera, hilaren 19ko gauean eta 20ko goizean zortzi bat tona zabor biltzea aurreikusten baitzuen, eta zazpi eta erdi jaso dituzte tarte horren bueltan.