San Sebastian eguna, minutu batean
Pasatu dira Donostiako 24 ordu bizienak, pasatu da 2025eko San Sebastian eguna. Hilaren 19 gaueko hamabietatik 20ko gaueko hamabietara, jai giroa izan da nagusi Donostian, Parte Zaharreko Plaza Berritik hiriko auzo guztietara.
Guztira, helduen 167 danborrada ibili dira kalerik kale danborra eta upela joaz —iaz baino zazpi gehiago—, 22.736 lagunen parte hartzearekin. Horrez gain, haurren 45 konpainiak hartu dute parte aurtengo San Sebastian egunean, 4.625 haurren parte hartzearekin.
Horrez gain, ezin dira ahaztu ohiko ekitaldi ofizialak: Mestiza elkarteak, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, Radio San Sebastian irrati kateak, Iñaki Almandoz Askatuak-eko presidenteak eta Kontxu Uzkudun moda diseinatzaileak jaso dituzte Hiritar Merezimenduaren Dominak eta Moriarti ekoiztetxeak Urrezko Danborra.
IRUTXULOKO HITZAn egunaren jarraipen zabala egin genuen: ekitaldi ofizialen berri eman genuen, bandera igoera eta jaitsiera bertatik bertara jarraitu genituen, haur danborradan egon ginen eta auzoz auzo ibili ginen danborradak harrapatzen. Horrela, egunaren laburpena egin dugu, behean ikus dezakezuen minutu pasatxoko bideoan.