Kaiko taberna baten lizentzia irregularra baliogabetuko du udalak
EH Bilduk "kasu larria" dela ohartarazi du, eta "erantzukizunak argitzeko" eskatu dio Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziari.
Gaur goizean, Lurralde Garapen eta Planifikazio batzordea egin dute Donostiako Udaletxean, eta, besteak beste, kaiko establezimendu batek duen lizentzia irregularraz aritu dira. Izan ere, Kaia pasealekuko 11. atarian dagoen tabernak ostalaritza lokalen arteko distantziaren ordenantza urratzen du. Gainera, udaleko zerbitzu juridikoek Hirigintza Saileko funtzionario baten jokabidea ikertzeko eskatu diote udal gobernuari. Langile horrek, haren semearen aholkularitzaren bitartez, lizentzia bat onartu zuen ostalaritza establezimenduen eremu saturatu batean.
Horren aurrean, udalak iragarri du bertan behera utziko duela kaiko tabernari modu irregularrean emandako lizentzia. Kasua “larria” dela ohartarazi du EH Bilduk, eta aipaturiko batzordean Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia interpelatu dute. “Agerian uzten du udal gobernu honen ezgaitasuna eta interes falta betearazteko dauden araudien aurrean, baita ere interes orokorra beste guztiaren gainetik ez lehenesteko”, gaineratu dute. Horrela, “erantzukizunak argitzeko” eskatu diote Arzallusi.
“Ostalaritza lokalen arteko distantzia ezartzen duen ordenantzak argi dio: lokal batek ezingo du inoiz kategoria altuago batera aldaketa egin. Ordea, Hirigintza Sailak horretarako baimena eman du araudia urratzen duen arren”, azaldu du EH Bilduk.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak zuzenbidearen araberakoa ez den egoera baten ondorioz, Hirigintza Sailari eskatu zion berrazter zezala erabilera aldaketa bati buruzko baimen bat. “Eta berrikuspen eskaera hori, hain justu, Hirigintzako ordezkariak berak bota zuen atzera», gogorarazi du batzordean Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. «Deigarria egiten zaigu eskaera ez onartzeko interpretazioa, are deigarriagoa egiten zaigu abstenitzeko betebeharra betetzen ez denean, eta, gainera, funtzionario horren esku-hartzea esanguratsua denean», gogorarazi du.
“Zinegotziak, ordea, ez zuen baldintza horietako bat bera ere kontuan hartu. Elkarteak epaitegietan salatu zuen hori, udaleko zerbitzu juridikoek berriro ohartaraziz Hirigintzako ordezkariak hartutako erabakiek ez zutela oinarri juridikorik”, nabarmendu du Burutaranek.
Arzallusen azalpenak
Hirigintza zinegotziak adierazi du ez zuela funtzionarioaren eta aholkularitza zerbitzuaren arteko familia harremana ezagutzen. Horrekin batera, adierazi du urtean “6.000 espediente inguru izapidetzen direla”, eta ez duela “astirik” prozeduran parte hartzen duten “pertsonen artean familia harremanik baden” ikusteko. Hartu beharreko neurriei dagokienez, ez du argitu irregulartasuna baimendu zuen Hirigintza Saileko langilearekin zer gertatuko den.