Osasun publikoa aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute otsailaren 1ean

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) osasun publikoa aldarrikatzeko manifestazioak antolatu ditu otsailaren 1ean, EAEko hiriburuetan. Donostian, 17:00etan hasiko da, Bulebarretik.
OPAk manifestazioa iragartzeko prentsaurrekoa egin du gaur Donostian, eta salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak “osasun publikoa desegiteko eta pribatizatzeko bidean jarraitzen du”. Euren ustez, osasun sistema publikoa indartzeko, “inbertsio handiagoak eta hobeak” behar dira, lehen arretari “lehentasuna” emanez.
Eredu hori prebentzioan eta osasunaren sustapenean “zentratzen” dela defendatu dute, eta gastu txikiagoa sortzen duela eta arreta hobea eskaintzen duela uste dute. Gainera, sistemaren iraunkortasuna “bermatzen” duela ere aldarrikatu dute. Horrez gain, “lan baldintza prekarioak” amaitzeko eskatu dute.
Hori guztia dela eta, “kudeaketa garden eta parte hartzaile baten alde” bilduko dira otsailaren 1ean egingo duten manifestazioan.