Santuak eta Donostia egunak
Sebastian bat zeruan eta Donostia bat bakarra munduan? Zoritxar-igarle dardarekin nator berriz, baina, sentitzen dut esatea, ez bata eta ez bestea. Danbor hotsak apaldu direla eta —eta horrekin batera hiritar chauvinismoa epeldu—, hitz egin dezakegu akaso geure hiriaren iruditeriaz berriz ere? Zeren euskaldun jator batzuk asaldatu egiten dira Donostia eguna entzutean, hori ez delako nahikoa jator, baina ez dakit nik Milango Sebastian Doneak zer ote duen ba jatorretik.
Handik irakurri dut Oscar Wilde, Marcel Proust eta Yukio Mishimak idatzi dutela testurik martiriaren LGTB kondizioaz, eta, plot-twist, ea ez ote den San Sebastian denok behar genuen santu marika eta queerra. Gora sanqueerbastianak, beraz?
Eta ez hori soilik. Donostia bat bakarra ez dago gure hiri santuan, eta auzo adina Donostia ditugula aldarrikatzen hasteko ordua ere badugu. Zapatistak parafraseatuz: Hiri asko sartzen diren hiri baten alde. Gora Donostien egunak!