120 urtez Urumea alderik alde lotu duen zubia
San Sebastian egunean, 120 urte bete ziren Maria Kristina zubiaren inauguraziotik. 1905eko urtarrilaren 20an inauguratu zuten, eta hasieran ekitaldi lasaia bazirudien ere, istiluekin amaitu zen.

San Sebastian egunak itzal egiten dio, nolabait, hiriko beste urteurren esanguratsu bati. Izan ere, urtarrilaren 20an, 120 urte bete ziren Donostiako Maria Kristina zubia inauguratu zutenetik. Urumea ibaia pasatzen da zubi horren azpitik, eta Erdialdea eta Norteko tren geltokia lotzen ditu, alderik alde. Baina, nolakoa izan zen zubia sortzeko prozesua?
Itxi begiak eta bidaiatu dezagun 1893. urtera. Garai hartan, zurezko pasabide bat eraiki zuten gaur egungo zubia dagoen lekuan. Egurrezko zubi hori behin-behinekoa zen, eta berri bat eraikitzeko, lehiaketa antolatu zuten. Orotara, hamalau lan aurkeztu zituzten, baina Jose Eugenio Ribera ingeniari lisboarrak aurkeztutako proiektua izan zen aukeratua, Julio Maria Zapata arkitekto madrildarraren laguntza artistikoarekin egindakoa. Riberak eta Zapatak Marcelo Sarasola udal ingeniariaren eta Jose de Goicoa arkitektoaren laguntza izan zuten zubia proiektatzeko.
Inaugurazio jendetsua
Zubia 1904. urtean eraiki bazuten ere, 1905eko urtarrilaren 20an inauguratu zuten, San Sebastian egunez, hain zuzen ere. Maria Kristina izena jarri zioten, Maria Kristina Habsburgo-Lorenakoa Espainiako erregina ezkontidearen omenez, izan ere, uda Donostian pasatzen zuen erreginak.
Garai hartan, Jose Elosegi zen hiriko alkatea, eta bera izan zen inaugurazio ekitaldiaren buru, erreginaren ordezkari gisa. Dakigunez, 15:00etan hasi zen inaugurazio ekitaldia, hala adierazten baitzuen inauguzariorako gonbidapenak: «Urtarrilaren 20an, arratsaldeko hiruetan, Maria Kristina zubiaren inaugurazioko ekitaldi seriora eta ondoren udaletxean burutuko den te dastaketara berorri gonbidatzeko ohorea dut. Udal Txit Goreneko alkatea. Lebitaz edo uniformez etorri».
Jose Eugenio Ribera ingeniari lisboarrak eta Julio Maria Zapata arkitekto madrildarrak proiektatu zuten zubia
Erlojuak hirurak eman zituenean, La Union musika bandaren emanaldia hasi zen. Ondoren, udaleko banda, udal batzarreko ordezkariak eta kazetariak Arrandegi kaletik abiatu ziren zubirantz, Elosegi buru zutelarik. Iritsi zirenean, Donostiako Orfeoiaren edo Udal Musika Akademiako abesbatzaren emanaldia egin zuten. Ehun bat umek osatu zuten kantaldia, eta Santesteban maisuak apropos konposatutako ereserkia interpretatu zuten.
Istiluak ere bai
Inaugurazioak luze iraun zuen, izan ere, 18:30ean, auzotarrak gonbidatuta zeuden Norteko geltokiaren inguruan su artifizialak eta zezensuzkoa ikustera. Ordea, jendea ez zegoen festarako. Izan ere, 1902an, udalak sokamuturra debekatu zuen, eta protesta gisa, donostiarrak hiru urtez jairik ospatu gabe egon ziren.
Zubiaren inaugurazio egunean iskanbilarik egon ez zedin, Poliziak neurriak hartu zituen. Zezensuzkoaren alboan hamar guarda zihoazen, eta haietatik metro gutxira beste horrenbeste. Horrek guztiak auzotarren protesta zaratatsua piztu zuen, eta istiluekin eman zioten amaiera Maria Kristina zubiaren inaugurazioari.