'Berlin' Donostian grabatuko dute
Netflix plataformaren historian, ingelesezkoak ez diren telesailen artean hamargarren tokian dago lehen denboraldia. 'La casa de papel'-en 'spin-off' bat da. Itziar Ituño ez da atal berrietan agertuko.
Gipuzkoako hiriburuan telesail eta film ugari grabatzen ari dira azkeneko hilabeteetan. Eta, aurten, Netflix plataformaren Berlin telesailaren bigarren denboraldiko hainbat atal grabatuko dituzte bertan. Donostian ez ezik, Madrilen eta Sevillan ere (Espainia) filmatuko dituzte atal berriak. La casa de papel telesail arrakastatsuaren aurreneko spin-off-a da Berlin. Lehen denboraldiak oso datu onak lortu zituen: estreinatu zuten asteburuan, 2023ko azken egunetan, munduko lehen tokira iritsi zen. Ondotik, 56,7 milioi ikustaldi baino gehiago izan ditu aurreneko denboraldiak: ingelesezkoak ez diren telesailen artean, Netflix plataformako sailkapenaren hamargarren tokian dago. Munduko 91 herrialdetan sartu zen lehen 10en artean. Netflixek iragarri duenez, hasiak dira atal berriak filmatzen.
Pedro Alonso aktoreak jokatzen du rol protagonista: Berlin lapurrarena. Lehen denboraldian bezala, haren lapur talde osoak parte hartuko du abentura berrietan: Michelle Jenner, Tristan Ulloa, Begoña Vargas, Julio Peña Fernandez eta Joel Sanchez aktoreak daude talde horretan. Aurreneko denboraldian, Euskal Herriko bi aktorek parte hartu zuten: Itziar Ituñok eta Najwa Nimrik. Atal berrietan ez duela parte hartuko azaldu dio BERRIAri Ituñok; une honetan Extremaduran (Espainia) dago Basauriko (Bizkaia) aktorea, beste telesail batean lanean.
Albiste hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; Berria-n jarraitu dezakezue irakurtzen.