Aberri Egun Bateratuaren ekitaldia egingo dute apirilaren 11n, Kursaalean
Euskal Herria Batera herri ekimenak hasiera emango dio Aberri Egunera bitarteko asteari. Horretarako, apirilaren 11n, Kursaalean kultur ikuskizun bat ardatz izango duen ekitaldi bat antolatu dute.
Larunbatean egin zuten aurkezpena Donostian, eta Xabier Euzkitzek nabarmendu zuenez, “herri gisa elkartzeko hitzordua” izango da: “Aberri Egunera eramango gaituen astea zabaldu nahi dugu ekitaldi berezi eta indartsu batekin”.
Antolatzaileek dei egin zieten “Euskal Herria aintzat hartzen duten eragile guztiei eta herrigintzan aktibo diren horiei” ekitaldian parte hartzera. “Hemen badago herri bat, askotariko ezberdintasunekin, bere nortasuna eta etorkizunarekiko konpromisoa azaldu nahi duena”, nabarmendu zuten.
Pieza kultural bat oinarri
Ekitaldiaren oinarria pieza kultural bat izango da, eta ikuskizun artistiko batean, hainbat sortzaileren pentsaera eta ideia eszenikoak batuko dira taulan. Han izango dira, besteak beste, Manex Fuchs, Lorea Agirre eta Martxel Rodriguez. “Euskal Herria Batera ekimenak antolatuko duen ekitaldi horren garrantzia azpimarratu nahi dugu, duen zentzua, eta egiteak berak igortzen duen mezua: Aberri Eguneko momentu bateratu horren garrantzia”.
Oraingoz, ez dituzte jakinarazi Kusaaleko ekitaldian parte hartuko duten egile guztien izenak. Lan horretan, edonola ere, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako sortzaileak batuko dira, adierazi dutenez.