12 urtetik beherakoak hurrengo astean hasiko dira Dbusen doan bidaiatzen
Abenduan iragarri zuten 12 urtetik beherako herritarrek doan bidaiatuko zutela laster Dbus konpainiaren autobusetan, eta gaur iragarri dute otsailaren 5ean sartuko dela indarrean neurria: “Otsailaren 5etik aurrera, prozesu teknologikoen inplementazioa bukatu eta gero, Mugi, Bat edo Barik txartel pertsonalizatuak dituzten 12 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute Dbuseko linea guztietan. Horrela, sei urte gehiagokoa da adin tartea, orain arte 6 urtera artekoa baitzen. 12 urte bete ondoren txartela ordaindu beharko dute”, azaldu du konpainiak.
Zerbitzua doan erabiltzeko, ezinbestekoa izango da 12 urtetik beherakoek txartel pertsonalizatua edukitzea. Dagoeneko pertsonalizatua dutenei automatikoki aplikatuko zaie doakotasuna, autobusetako balidatzeko makinen softwarea eguneratu baitute. Txartel pertsonalizatua ez duten 12 urtetik beherako herritarrek, aldiz, herritarren arretarako dituzten bulegoetara joan beharko dute, txartela aldatu eta doakotasuna baliatu ahal izateko.
Prezioen eguneraketa
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Batzar Nagusiak astelehenean erabaki zuen eguneko zein gaueko noizbehinkako txartelen prezioak “eguneratzea”: “Garraio titulu bien prezioak 2020tik izoztuta egon dira, eta 10 eta 15 zentimo igoko dira, hurrenez hurren”, azaldu du Dbusek.
Konpainiak gaineratu duenez, “aurreikusten da noizbehinkako eta gaueko txartelen eguneratzea eta erabiltzaile ez errepikarientzako txartel digitalen eguneratzea apirilaren 7an, astelehenean, indarrean sartzea, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Batzar Nagusiak 2024ko abenduaren 26an Mugi garraio txartelerako onartutako eguneratzearekin batera. Era berean, Mugi, Bat edo Barik txartelekin ordainketa egiten duten erabiltzaileei egiten zaizkien %50eko deskontuek indarrean jarraituko dute”.
Horrela, hauek izango dira Dbusen prezioak apirilaren 7tik aurrera: eguneko noizbehinkako txartela, 1,95 euro (+0,10 euro); gaueko noizbehinkako txartela, 2,65 euro (+0,15 euro) eta, Mugi txartelarekin, 0,49 euro 1-20 bidaien artean (+0,01 euro), 0,40 euro 21-50 bidaien artean (+0,01 euro), 0,10 euro 51. bidaiatik aurrera (+0,01 euro) eta 0,65 euro txartel anonimoarekin (+0,02). Bestalde, Bat eta Barik txartelak dituztenentzat, 0,49 eurokoa izango da bidaia bakoitzeko prezioa (+0,01 euro).
Horrez gain, Dbusek gogorarazi du l”aster eguneko eta gaueko 30 minutuko txartel digitala ere eguneratzea” aurreikusten dela, QR edo banku txartela eta gailu mugikorrak, alegia: “Txartel horiei 1,95 euroko eta 2,65 euroko tarifak ezartzea aurreikusten da, hurrenez hurren. Eta aurreikusten da, halaber, laster 24 orduko bonu digitala eta 48 orduko bonu digitala ere eguneratzea (QR edo banku txartela eta gailu mugikorrak), horiei 6,40 euroko eta 10,60 euroko kostua ezarrita, hurrenez hurren”.