Dbiziko langileek lan baldintza kaskarrak salatuko dituzte

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Dbiziko langileek lanuzteak egingo dituzte. Dituzten lan baldintza kaskarrak direla eta, antolatu eta borrokan hastea erabaki dute. Horrela egunean bi ordutako lanuzteak egingo dituzte otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 27an.
“Dbizi sortu zenetik, zerbitzua ematen duten langileek ez dute inolako hobekuntzarik izan. Zerbitzua sortu zenean langileak zortzi ziren eta erabiltzaileak 1.000 inguru. Egun, asko hazi da erabiltzaile kopurua, 10.000tik gora dira (2023ko datuak), eta hamabi langile dira egunerokotasunari aurre egin behar izaten dietenak. Baja bat izanez gero, langile hori ez da ordezkatua izaten, eta horrek gainontzekoen lan karga handitu egiten du. Jai egun eta igandetan lan egiteagatik ez dute inolako gehigarririk, 40 orduko lan astea dute eta apenas iristen dira 1.200 eurotako nomina bat jasotzera”, azaldu du sindikatuak.
Gainera, ez dagozkien lanak egin behar izaten dituztela kritikatu dute, eta beren lanarekin zerikusirik ez duen estatu mailako hitzarmen bat aplikatzen diete: “ingeniaritza enpresak, ikerketa teknikoen bulegoak eta ikuskaritza, gainbegiratzea eta kontrol tekniko eta kalitatezkoarena”.
2020an Donostiako Udalak egindako lehiaketa Dbusek irabazi zuen, eta honek Valentziako aldi baterako enpresa elkarte bat azpikontratatu zuen —DbiziSS—, zerbitzuaren kudeaketa lanak egiteko. “Udalak eta Dbusek hiri jasangarri baten leloa lau haizetara zabaltzen dute, kontuan hartu gabe Dbiziko langileek zein lan baldintzetan egiten duten hori posible izan dadin”, salatu du LABek. Hori dela eta, udalari, Dbusi eta DbiziSS enpresa elkarteari “arduraz jokatzeko” eskatu diete langileek.
Aipaturiko lanuzteak eta elkarretaratzeak hauek izango dira. Otsailaren 5ean, 09:00etatik 11:00etara, San Martin azoka parean. Otsailaren 12an, 09:00etatik 11:00etara, Unibertsitateetako liburutegi parean. Otsailaren 19an,0 9:00etatik 11:00etara, Bretxako azoka parean. Eta otsailaren 27an, 10:00etatik 12:00etara, Donostiako Udaletxe parean.