Lanuztea egingo dute bihar taxistek, aseguruen prezio altua salatzeko

Radio Taxi Donosti elkarteak adierazi du lanuztea egingo dutela bihar, asteazkena, “aseguruen gehiegizko prezioak salatzeko”, Taxiaren Euskal Federazioak protesta egitera deitu ostean. Lanuzte horrek hiru orduko iraupena izango du, 11:00etatik 14:00etara, eta denbora horretan gutxieneko zerbitzuak baino ez dituzte bermatuko, larrialdietarako eta ospitaleetara joateko.
Izatez, Taxiaren Elkarte Nazionalak (Antaxi) antolatu du deialdia, Madrilen egingo den manifestazio batean parte hartzeko. Bertan, sektoreak Ekonomia Ministerioari eskatuko dio “aseguru etxeen jarduerak eta haien gehiegizko polizak arautzeko” taxilariekiko. Izan ere, VTC ibilgailuak taxien zenbaketa berean sartu dituzte, eta polizak 3.500 eurotik 8.000 eurora igo daitezke. Prezio horiek autonomoentzat “jasanezinak” direla salatu dute.
Radio Taxiren arabera, Taxien Euskal Federazioak baztertu egin du EAEn protestarik egitea, erkidegoak ez baitu gai hori arautzeko gaitasunik. Hala ere, taxi gidariei dei egin die “gure hirietan zerbitzuaren geldialdia egin dezaten manifestazioaren ordutegian, gutxieneko zerbitzuak soilik artatuz”.