Artaiñu konpartsa prest dago Groseko kaleak alaitzeko
Igandean, otsailaren 2an, Artaiñu Groseko artzainen eta inudeen konpartsak auzoko kaleak alaituko ditu. 24 urte daramatzate auzotik desfilatzen, eta ohitura eutsiko diote asteburuan.
Azken hamarkadan, konpartsa hazi egin da. Aurten, 70 dantzarik, 29 danbor jotzailek, 65 figurantek, Deiadar txarangako hamalau musikarik eta bi erraldoik osatuko dute desfilea. Guztira, 178 lagunek parte hartuko dute.
Txofre kaletik abiatuko dira 11:30ean, eta ibilbide koloretsua egingo dute auzoan zehar. Zehazki, Txofre, Jose M. Soroa, Marino Tabuyo, Jose Arana, Bermingham eta San Frantzisko kaleak igaroko dituzte.
Katalunia plazara 12:30 inguruan iritsiko dira. Plazan ohiko parodia egingo dute (biberoiak, erregistroa eta abar). Gainera, beraien Aitona oroimenezko saria entregatuko dute. Aurten, Donostia Arraun Lagunak-eko emakumezkoen taldeak jasoko du bere ibilbide bikainagatik.
Ondoren, Groseko martxa berrartuko dute, eta kale hauetatik ibiliko dira: Trueba, Secundino Esnaola, Padre Larroka, Karkizano, Padre Larroka, Mirakruz, Gloria —atsedenaldia mokadutxoa hartzeko—, Galtzada Nagusia, Nafarroa Behera, Secundino Esnaola, Bermingham eta General Artetxe. 14:15ak aldera bukatzea aurreikusten dute.