Ez diete espetxe zigorrik jarriko Joseba eta Eñaut Alvarezi
Espetxe zigorretik libre utzi dituzte Joseba eta Eñaut Alvarez, 2023ko San Sebastian bezperan, Plaza Berrian, Etxera jartzen zuen pankarta bat zintzilikatzen saiatzeagatik. Bi urte eta erdiko, eta urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatzen zituzten beraientzat, baina azkenean, isun bat ordaindu beharko dute.
Argia-k jaso duenez, honakoa esan du Eñaut Alvarezek epaitegitik atera berritan: “Prozesua amaitu da, atzera egin behar izan dute, autoritateari atentatua akusazioa erori egin da, ez zuelako inolako oinarririk, eta espetxe zigorrik ere ezin izan digute sartu. Guztia isun batean geratuko da. Saiatu dira bi urtez Plaza Berrira sartzeko debekua ezartzen, baina hori ere ez du onartu epaileak eta gure kalkuluen arabera, 5.000 euro inguruko isuna jarriko digute. Pankarta, beraz, garesti xamar atera zaigu, baina jarraituko dugu pankartak jartzen, propaganda politikoa egiten eta borrokan”.
Gauzak horrela, Joseba eta Eñaut aita-semeak pozik geratu dira fiskalarekin erdietsitako akordioarekin.