Elhuyarren Elia itzultzaileak ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera garatu du
Sei hizkuntzatan erabil daiteke itzultzailearen funtzionalitate berria. 2023tik 2024ra %42 emendatu da Eliaren erabilera.

Elia itzultzaile automatikoak ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera emanen du hemendik aitzina. Itzultzaileak bost urte bete dituen honetan eman du berrikuntzaren albistea Elhuyar fundazioak. «Elia, itzultzaile soila izan ondoren, entzuteko eta hitz egiteko gai den tresna bihurtu da, Elhuyarrek garatutako punta-puntako hiru teknologia integratuta: hizketa-ezagutza (transkripzioa), itzulpen automatikoa (itzulpena) eta hizketa-sintesia (ahotsa)», adierazi dute ohar batean. Horrez gain, frantsesarekin eta ingelesarekin egiten dituzten itzulpenen kalitatea hobetu dutela jakinarazi dute, eta erabiltzaileek itzulpenen gaineko iritzia emateko aukera ere gehitu diote tresnari.
Elhuyarren plataforma «arrakastatsuenetako bat» da Elia, fundazioaren hitzetan: 2023tik 2024ra, %42 emendatu da erabilera. Iaz, TTS teknologia txertatu zioten tresnari, eta itzulpenak entzuteko aukera ezarri zuten; orain, ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera gehitu diote. «Berrikuntza hauekin guztiekin, euskararen garapen teknologikoarekin duen konpromisoa berretsi du Elhuyarrek, gizartearen eta eleaniztasunaren mesedetan», adierazi dute.
Albiste hau BERRIA hedabidetik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.