Europari irribarre egiteko gaua
Realak PAOK greziarren kontra jokatuko du gaur Anoetan, Europa ligako lehen faseko azken jardunaldian (21:00).
Berdintzearekin nahikoa izan arren, irabazteak gehiago balio du. Batez ere, burumakur dauden zale asko pozteko. Europa ligako lehen faseko azken partida jokatuko du Realak Greziako PAOK talde serioaren aurka, Anoetan (21:00). Txuri-urdinek ia ziurtatua dute Europan jarraitzea —galduta ere, baldin eta karanbola izugarri bat ematen ez bada—, eta final-hamaseirenetako kanporaketa jokatuko dute.
Porrotari izkin egiteko gaua izango da, eta, aukeran, irribarre batekin. Azken hiru neurketak galdu ostean, giroa nabarmen nahastu da, eta bolada txarra eteteko gaua izan behar da. Garaipenak badu bere sari partikularra. Realak PAOK-en aurretik bukatuko luke sailkapenean, eta arerio zail batzuk saihestu ditzake hurrengo kanporaketan.
Aurreikusi, iragarri eta asmatu ezin dena txuri-urdinen hasierako hamaikakoa izango da. Imanol Alguacil entrenatzaileak ez du argitu zein jokalariren alde egingo duen, baina seguru talde lehiakorra zelairatuko duela. Azken partidetako logika jarraituz, Getafen titular izan ez zirenak espero dira hasieratik Remiro atezainarekin batera. Hau da, Brais, Sucic, Aguerd eta Javi Lopez. Gainerakoan, Turrientes, Pacheco, Barrenetxea, Becker eta Oskarsson hamaikakoaren parte izan daitezke. Arsen Zakharyan da deialdiko nobedade esanguratsuena. Horrela ere, ikusteko dago errusiarrak minuturik izaten duen.