«Haien hitzak eskatu dizkiegu erabili ahal izateko, eta trukean musikaz jantzi ditugu»
Trukean taldeko kidea da Imanol Solores (Antigua, 1980), eta gitarra irakasten du Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolan. Urteak daramatza musikagintzan, eta irakaskuntzan ere oso gustura dabil. Bihar, hilak 31, Trukean hirukoa zuzenean ariko da Kontadores gunean.
Musikari gisa zer da trukean eskaintzen duzuna?
Alde batetik, entzulea entretenitzea eta gustura egotea da nire asmoa. Bestetik, musikaren bidez komunikatzea, entzulearekin konektatzea eta kasu batzuetan sentimendu desberdinak piztea harengan. Entzulearen barrenak mugiaraztea, nolabait.
Eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako gitarra irakasle moduan?
Datorren ikasleari musikaren ateak zabaltzea, bere ezagutza eta jakin-mina areagotzea, musikarekin bizipen positiboak izatea eta musika bere bizitzaren parte garrantzitsu bat dela sentitzea, modu batean edo bestean.
Hain zuzen ere, Trukean taldeko kidea zara. Zerk elkartu zintuzten musika sortu eta konpartitzeko?
Kasu honetan, ideia nagusia euskal poema batzuk hartu eta kanta bihurtzea izan zen. Hasieran, kutsu rockero eta elektrikoa izan behar zuen, bateria, gitarra elektriko, baxu elektriko eta teklatuekin, baina denbora aurrera joan ahala, proiektu akustiko lasaiago batean bilakatu zen. Bestalde, aukeratutako kanten hitzak bost emakumerenak izan dira azkenean. Beraz, Ana Urkiza, Mari Luz Esteban, Isabel Diaz, Mirari Garcia de Cortazar eta Ione Gorostarzuren poesia batzuei musika jarri eta kanta bihurtu ditugu, zortzi kantaz osatutako bilduma sortuz.
Taldearen izenak esanahiren bat duela iradokitzen du. Horrela da?
Bai, hala da. Proiektu honetan hainbat idazleren poema batzuk aukeratu eta kantu bihurtu ditugu. Haien hitzak eskatu dizkiegu erabili ahal izateko, eta trukean musikaz jantzi ditugu. Funtsean hori da taldearen izenak islatu nahi duena. Hainbat pertsonaren arteko elkarlana da.
Iazko irailean, ‘Ekarri didazu gogora’ diskoa plazaratu zenuten. Zortzi abestiz osaturiko lan pausatu eta atsegina da. Aldiz, zure hitzetan, nolako lana dela esango zenuke?
Bat nator zure hitzekin. Niri ere pausatua eta atsegina egiten zait. Hala ere, azken hau entzuleak erabaki beharko du. Gure kasa grabatutako eta Spiff Studios-etan nahastu eta masterizatutako autoekoizpena da. Musika mimo handiz egin dugu: Marijo Mendibilek kantatutako doinuak nik jotako gitarrarekin, batzuetan klasikoa eta beste batzuetan elektrikoa, eta perkusioarekin daude lagunduta. Instrumentazioa oso xumea izan arren, moldaketak nahiko ondo pentsatuta eta landuta daude. Diskorako aukeratutako hitzak ere oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigu: alde batetik, oso desberdinak diren arren, guztien atzean lehen pertsonan bere bizipenak, usteak, kezkak, beldurrak, esperientziak eta abar islatzen dituen emakume baten ikuspegia dago. Orokorrean, pentsamendu intimoak dira hor doinuen bidez bizia hartzen dutenak, eta intimitatearen espresio hori oso interesgarria iruditu zaigu kanta bilduma hau sortzerako orduan.
Bihar, hilak 31, zuzenean aurkeztuko duzue Bidebietako Kontadores gunean. Nolakoa izango da emankizuna?
Etxetik gertu gaudenez, lagunen arteko emanaldia izango da. Kontadores gunekoek eskuzabaltasun handiz aretoa gure esku utzi dute doako kontzertu hau eskaini eta bide batez emanaldiaren irudi eta audioa grabatu ahal izateko. Honela, gure lana jendaurrean aurkezteaz gain, bideo muntai txikiren bat egiteko ere aprobetxatuko dugu, gero gure lana Internet eta sare sozialetan erakutsi ahal izateko. Emanaldia 19:30ean izango da, eta gure musika ezagutu nahi duen oro ongi etorria izango da.
Aurretik zuzenean aurkezteko aukera izan duzue?
Diskoa argitaratu aurretik, lau edo bost kontzertu eskaini genituen pasa den urteko lehen erdian, proiektua probatu eta martxan jartzeko asmoz. Gerora, egin ditudan oposizioengatik eta nire aitatasunagatik, geldirik egon da taldea. Beraz, oraintxe hasi gara martxa jartzen. Hemendik aurrera, mugimendu pixka bat eman nahi diogu, eta jendeari gure proposamen berri hau ezagutarazi.
Trukean taldearekin zein asmo dituzue?
Lehenagotik musika munduan ibiliak garen arren, talde berria da hau eta jendearentzat ezezaguna. Lehen esan moduan, gure lehen lana autoekoizpena da: gaur egun diskoetxeek edo zigilu ezagunek ez dute horrelako proiektu berriengatik apusturik egiten, normalean, atsegina, landua eta kalitatezkoa dela esaten badizute ere. Horregatik, asmoa da gure kontura proiektua eta diskoa ezagutaraztea, euskal geografian kontzertu batzuk eskaintzearekin batera. Eserita entzuteko musika da Trukeanekin egiten duguna, eta areto txikiak oso aproposak dira gure lana jendaurrean aurkezteko. Gure musika plataforma digital nagusienetan entzungai dago eta bestalde, Elkar sarean ere CDa fisikoki eskuragarri ere bai. Horretaz gain, gure motibazioak horrela jarraitzen badu eta entzuleek erantzuten badute, bigarren disko baterako materiala prestatzen ere hasi beharko dugu laster.
Musikagintzan ibilbide luzea egina duzu. Ile luzearekin hasi, eta hala iritsi zara egun arte. Azken Garrasia heavy metal taldearekin izan ziren zure hastapenak?
Bai. Hori izan zen nire lehenengo taldea, nerabezaroan sortutakoa; kuttuna. Lagun artean sortutako taldea zen eta oso ondo pasa genuen garai horretan musika eginez eta bizipenak konpartituz. Erritmo bizkorrak lantzea eta gitarra solo luze eta azkarrak egitea gustuko genuen [barrez].
Gogoan baduzu, nolakoa izan zen garai hura?
Talde hura inoiz oso ezaguna izan ez bazen ere, kontzertu dezente eskaini genituen oro har Euskal Herriko eta batez ere Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat plaza, gaztetxe, areto eta tabernetan. Estatu mailan zertxobait aritu ginen baina oso-oso gutxi. Egia esan, asko gozatzen genuen, eta musika lantzea gustatzen zitzaigun. Ordea, taldeak ondo funtzionatzeko beharrezkoak diren beste alderdi batzuk alde batera uzten genituen edo ez genien behar bezalako garrantzirik ematen. Nolabait esateko, desastre samarrak ginen beste kontu batzuetan.
Gitarra ez ezik, biolina ere jotzen badakizu. Mutrikuko Aiumeen Basoa taldean musika tresna horrekin aritu zinen. Esperientzia hartaz zer esango zenuke?
Bai. Berez biolina jotzen hasi nintzen lehenago, 8 urterekin. Gerora, gitarrari denbora dezente gehiago eskaini diot. Alde batetik, oso giro polita zen talde horretan geneukana, eta nik kolaborazio batzuk egiten nituen arren, eta beranduago sartu nintzen arren, han kantak guztien artean sortzen zituzten, eztabaidatzen zituzten eta bakoitzak bere onena gehitzen zion musikari. Aldiz, kide asko ziren, eta sormen prozesua oso motela bilakatzen zen. Orokorrean, oso esperientzia aberasgarria izan zen, eta biolinarekin ere estilo horretako talde batean aritzeko aukera eman zidan.
Aipaturiko bi taldeez gain, bestelako proiektuetan ibili zara?
Azken Garrasiaren garai bertsuan Irats Berako plaza taldean aritu nintzen urte batzuetan. Bestalde, Rafael Berriorekin jotzen ibili nintzen 1971 diskoa kaleratu zuenean. Gitarra klasikoarekin, berriz, hainbat jardunalditan giroa sortzen aritu izan naiz, bertso saio musikatuetan ere bai. Azken aldian, Peppermint Sextet taldearekin ere jo zan dut, nahiz eta une honetan utzita daukadan.
Musikalki, jorratzeko eta jotzeko doinu lasaiagoen alde egin duzu adinean aurrera egin ahala?
Bai. Lehen esan duzun moduan, nerabezaro garaian heavy metalarekin tematuta nengoen eta horrekin asko gozatzen genuen. Denbora aurrera doan heinean, beste estilo batzuei arreta gehiago jartzen diezu. Hasieran interesik pizten ez zuten batzuk protagonismo gehiago hartzen doaz. Normala da beste eremu batzuk esploratzeko nahia edo beharra sentitzea.
Ohiko joera da distortsioekin eta dezibelio altuekin ibilitako musikariek balazta sakatzea urteen poderioz. Zure kasua da?
Baiezkoan nago. Horrek ez du esan nahi lehen egiten edo entzuten nuena gustuko ez dudanik, baina beste gauza batzuk probatzea ere ondo dago. Gaztetan entzun eta landutakoak pisu eta eragin handia dauka, eta, hor daramagu gure barnean, baina musikaren mundua oso zabala da.
Horrela ere, gaur egun zein da entzuten duzun musika?
Rocka bere zentzu zabalenean, jazza, bluesa, musika klasikoa, baina heavy metal oso gutxi entzuten dut momentu honetan.
Musika eta Dantza Eskolan gitarra irakaslea zarela aipatu dugu. Gustuko duzu irakaskuntza?
Bai. Urte batzuk badaramatzat honetan dagoeneko, eta, hasiera batean apur bat kasualitatez hasi banintzen ere gitarra eskolak ematen, denborarekin gero eta balio eta garrantzi handiagoa ematen joan naiz nire lanari. Gustura egiten dut eta betetzen nau.
Donostian musikarekiko eta musikagintzarekiko interesa dagoela uste duzu?
Badago programazio kultural bat, baina Trukean gisako taldeen eremuan eta bertako taldeentzat orokorrean, zuzeneko musika programatzeko areto txiki edo ertainak falta direla uste dut. Hau askotan entzun edo irakurri dudan kontu bat da, baina ni ere ados nago honekin.
Belaunaldi berriak musikarekin heziko dira?
Nire ustez, musikak, berezko dituen ezaugarriengatik, beti izango du eragina datozen belaunaldietan. Orain gaztetxoen artean hedatuta dauden estiloak ez dira guk entzuten genituenak. Belaunaldi berrietara moldatzen doa musika, eta bakoitza musika mota batzuekin identifikatuago sentitzen da, baina oso zabala eta eraldagarria denez, guztiok aurkitu dezakegu gure lekua bertan.