Uliako putzu sarea ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute
Hezeguneen Munduko Eguna izango da otsailaren 2an, eta Cristina Enea fundazioak Uliako putzu eta hezeguneak ezagutzeko bisita gidatua antolatu du. “Ulia mendian putzuen eta hezegune txikien sare garrantzitsu bat sortzen ari da, Donostiako Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetzarekin”, nabarmendu dute.
Ulia Interpretazio Zentroko arduradun Oihana Orkolagak azaldu duenez, “Aranzadin adituak dira putzu eta hezeguneen ikerketan, eta esku artean dute Mikroklima izeneko proiektu parte hartzailea; aurten ere beraiekin parte hartzeko aukera paregabea izango dugu”.
Mikroklimak edozein kontserbazio proiektuk barne hartu behar dituen jarduerak biltzen ditu: ikerketa, kudeaketa eta dibulgazioa. Otsailaren 2ko irteeran, Ulia Interpretazio Zentroan azalpen batzuk jaso ondoren, putzu sareko bi hezegunetan ikerketa eta kudeaketa jarduerak egingo dituzte bertaratzen direnek: “Batetik, Uliako mikro hezeguneetako biztanle txikiak ezagutarazteko eta balioesteko, eta, bestetik, urmael horien erakargarritasun biologikoa areagotzeko kudeaketa ekintza errazak egingo dira”, gaineratu du Orkolagak.
Irteera puntua Ulia Interpretazio Zentroa izango da, 10:00etan. Izen ematea zabalik dago, www.cristinaenea.eus webgunean.