Argia Saria jaso du IRUTXULOKO HITZAk
'Argia'-k IRUTXULOKO HITZAk ultraeskuinaren gorakadaren inguruan egindako jarraipena aitortu nahi izan du 36. edizio honetan, eta hedabide hau erabat eskertuta dago aitortza horrekin.
Prentsa ataleko Argia Saria jaso du ostiral honetan IRUTXULOKO HITZAk, azken urtean ultraeskuinaren gorakadaren inguruan egindako jarraipenagatik.
Sei sari banatu dituzte aurten: entzunezkoa baDAbil podcastarentzat izan da, ikus-entzunezkoa EITB Kulturarentzat, prentsakoa IRUTXULOKO HITZArentzat, Internetekoa Oroibidea bilatzailearentzat, komunikazio kanpainakoa Altxa Buruarentzat eta merezimenduzkoa Ene Kantakentzat. Argia Sarien 36. edizioa izan da gaurkoa, eta Usurbilgo Atxega jauregian egin dute sari banaketa.
Era berean, nabarmentzekoa da Antton Mendizabal eskultore donostiarrak azken aldiz egin dituela Argia Sarietarako oroigarriak. Mendizabalen eskulturak 1991tik banatzen dituzte, eta aurtengoak izan dira donostiarrak egindako azkenak, zeregin horretatik erretiroa hartzea erabaki baitu.
Ultraeskuinaren gorakadaren aurrean eginiko lana
Argia-k IRUTXULOKO HITZAk ultraeskuinaren gorakadaren inguruan egindako jarraipena aitortu nahi izan du 36. edizio honetan, eta hedabide hau erabat eskertuta dago aitortza horrekin. Azken urteotan, arrazakeriaren eta eskuin mutur berriaren diskurtso eta praktikei aurre egin behar izan diegu, eta arrazakeriaren aurrean, koadernoak, boligrafoak eta kamerak hartu, eta tokikotik, Donostia asko sartzen diren Donostia bat kontatzera abiatu gara. Horren adibide da, besteak beste, gure Ongi Etorri Auzora atala.
Hain zuzen ere, Beñat Parra Rodriguez zuzendariak, Aizpea Aizpurua Arroio publizitate arduradunak, Andrea Bosch Alfaro sustapen arduradunak eta Xalba Ramirez Cruz kazetariak jaso dute saria, eta diskurtsoan, arrazakeriaren inguruan egin dugun lanketa izan dute hizpide. Era berean, gogoan izan dituzte kolaboratzaileak eta komunitatea ere, egunero gure lana hobea izan dadin egiten duten ahaleginagatik. Jarraian, IRUTXULOKO HITZAko lankideek egindako hitzartzea, osorik:
Nola kontatzen da garai bat? Zer da garaiaren kronika egitea? Errealitate soziala zatituta agertzen da ohiko hedabideetan: ‘kultura’, ‘ekonomia’, ‘politika’… Zer da albiste bat? Zer da kontatu beharrekoa? Estatu eta alderdien prentsa bulegoen erritmoa dute gehienetan albistegiek.
Badira beste galdera batzuk: nola bizi dira donostiarrak XXI. mendean? Zein lan mota dituzte? Zer jaten dute? Zenbat maskota dituzte? Zein kirol egiten dute? Ze musika idazten dute? Zerengatik mobilizatzen dira? Zerengatik ez? Federik badute jainkoengan? Nola tratatzen dituzte ‘besteak’? Nor dira ‘besteak’?
Tokikoa begiratzeko modu bat da. Behetik gora begiratzeko modu bat, komunitatea eraikitzeko modu bat. Krisi ekonomiko eta politiko honen erdian, are garrantzitsuagoa den behetik gorako komunitate bat eraikitzen duena. Historia deitzen diogun horren zirrikituetatik sartu eta etorkizun hobeak eraikitzen laguntzen duena.
Tokikotik kontatzen da mundu osoa.
Mundu osoa da tokikoa.
Eskerrik asko Argia Sari eder honengatik. Irutxuloko Hitzan, azken urteotan arrazakeriaren eta eskuin mutur berriaren diskurtso eta praktikei aurre egin behar izan diegu. Jarrera asko, tamalez, gure euskal komunitatetik horren urrun ez daudenak.
Arrazakeriari aurre egitea ez da soilik arrazistei aurre egitea, ere bada donostiartasun berri bat eraikitzea, eta gure hizkuntza erabiltzea zubiak eraikitzeko. Horregatik sortu genuen Ongi Etorri Auzora atala. Donostia asko sartzen diren Donostia baten alde lanean ari garelako.
Munduak garai ilunak bizi ditu, eta, asko, kezkatuta daude kazetaritzak egin beharreko lanarekin. Guk argi dugu formulak ez direla berriak: kalera irten eta galderak egiten asmatu behar dugu; erantzunak hor daudelako.
Hogei urte beteko ditugu aurten, eta gure eredua indartzen jarraitzeko balio dezala: elkarlana eta behetik gorako begirada. Eskerrik asko Argia, kazetaritza eredu izateaz gain, geure albisteak partekatzeagatik eta geure mezuak zabaltzen laguntzeagatik.
Mila-mila esker, bereziki, gure komunitateari, gure egunerokotasunaren parte izateagatik eta gure lana babesteagatik eta errazteagatik. Gure lantaldeari, noski. Gure kazetaritza ereduan ere sartzen baitira partekatzen ditugun hitz goxo eta besarkada guztiak. Eta Irutxuloko Hitza ez dugu osatzen soilik erredakzioan ibiltzen garen hamar lagunek. Mila esker kolaboratzaile guztiei, idatzitako hitz bakoitzarengatik, egindako argazki bakoitzagatik.
Txikitik eragiten jarraitzeko bidelagun izaten jarraituko dugu, bidelagun izan nahi duen guztiarentzat. Geure erredakzioak zabalik izango dituzue.