Aurrera doaz Atotxako geltokiko lanak
Otsailaren 17an zabalduko dute Frantzia pasealekuko sarbidea, eta aldiriko distantzia ertaineko eta luzetako trenetako bidaiariak obrak hasi aurreko tokitik sartuko dira berriro trenetara, Tabakalera ondoko behin-behineko geltokia utzita.

Norteko tren geltokiko obrak bisitatu dituzte ostiral goizean Mugikortasun Jasangarri sailburu Susana Garcia Chueca eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarri estatu idazkari Jose Antonio Santanok. Otsailaren 17tik aurrera bidaiariek egin beharko duten ibilbidea osatu, eta bertatik bertara ikusi dute obren egoera. Aipatu data horretan, “aurrerapauso bat” emango dute, Tabakalera ondoan ematen den tren zerbitzua betiko tren geltokira pasako baita, Frantzia pasealekuan. Biek ala biek nabarmendu dute EAEko abiadura handiko lehen geltokia amaitzeak ekarriko duen mugarria, aurreratu dutenez, datorren urteko lehen hilabeteetan izango da.
Garcia Chuecaren esanetan, “donostiar eta Mugikortasun Jasangarri sailburu gisa”, AHTra egokitutako hiru euskal hiriburuetako geltokietan lehena izango dena ikusteak “pozgarria” zaio, eta horrexegatik, eskerrak eman dizkie bertan lanean ari diren Euskal Trenbide Sareko, Renfeko eta Adifeko profesionalei, lanak eta tren zerbitzua koordinatzeko egiten duten ahaleginagatik. Halaber, obren eragina pairatzen duten herritarren eta inguruko merkatarien pazientzia ere eskertu du eta haietako batzuekin azpiegitura bisitatu dutela argitu du, “hilabete gutxi barru nolakoa izango den xehetasunez azaltzeko”.
Santanok, aldiz, testuinguruan kokatu nahi izan du Espainiako Gobernuaren AHTearen aldeko ahalegina eta nabarmendu du egokitutako EAEko lehen geltokiak Donostiakoa eta Irungoa izango direla. Prest egongo dira “datorren urteko lehen hilabeteetan” eta “2026ko lehen seihilekoan”, hurrenez hurren. AHTak izango duen garrantziaren erakusgarri, bidaiari kopurua “esponentzialki” haziko dela adierazi du. Hala, 2023an Norteko geltokiak distantzia ertain eta luzeko 360.000 bat bidaiari izan bazituen, AHTa eta Burgos-Gasteiz bidea martxan direnean, berriz, gutxienez, 3,5 milioi bidaiari izango ditu urtean. Bidaiarein gehienak, %60tik gora, distantzia ertainekoak izango direla ere zehaztu du estatu idazkariak, hortaz, “hiru euskal hiriburuak elkartu eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herritarrak hurbilduko ditu”. Halaber, kotxe asko errepidetik aterako dituela ere gehitu du, garraioa jasangarriago eginez.
Tradizioa eta modernitatea
Adierazpenak egin aurretik, esan bezala, azpiegituran barrena ibili dira. Lehenik, 200 metro baino gehiagoko lehen nasa zeharkatu dute, otsaila erdialdean martxan jarriko duten geltokira sartu aurretik. Eraikinaren egitura osatuta dago eta bai azpiegituren bai barruko nahiz kanpoko akaberen jarduketak egiten ari dira. Trenbidearen ustiapen behar berrietara egokituta, eraikina bi altueratan handitu da, berreraikitako jatorrizko zati historikotik bereizten den arkitektura modernoarekin. Haren ondoan, nasa-estalkiko zaharberritutako markesina historikoa jarri dute.
Jarraian, eskaileretan behera jaitsi dira lurpeko atariaren parte izango denera. 7.400 metro koadroko azalera izango du, eta bidaiariak goiko solairuan dauden nasetara banatzeko balioko du. Behin goian, AHTra bideratutako 400 metro baino gehiagoko luzera duen nasa ikusi dute, oraingoz 150 metrora mugatu eta aldirietako nasa gisa erabiliko dena. Geltokiak sei trenbide eta bost nasa izango ditu. Une honetan trenbidearen muntaketan eta elektrifikazioan dihardute; jada, nazioarteko zabalera duen 1,5 kilometro trenbide jarri du ETSk.
Bi aste pasatxo barru burutuko duten aldaketa gauzatzeko, aurreko asteburuan, otsailaren 14tik 17ra bitartean, tren zerbitzua eten eta autobusekin ordezkatuko dute. Moldaketari esker, egiteko dauden zenbait lani heldu ahal izango diote, esaterako, terminalaren gainerakoa osatu ahal izango dute.
Azken bi urteetan martxan izan den behin-behineko geltokia kendu ondoren, gunea 1.200 bat metro koadroko lurpeko atariaren barruko egituraketan eta Egiako lurrazpiko pasabide berrian barneratuko da. Horrez gain, geltoki berriak 5.700 metro koadroko azalera duen plaza bat izango du Tabakalera aurrean. Lauzaren zati bat amaituta dago, gainerakoa jartzeko behin behineko geltokiak betetzen duen espazioa libre geratu zain.
















