Eusebia Arruti, Altzako langile maitatua
Eusebia Arruti Peñagarikanok, 'Señora Eusebia'-k, arrasto ezabaezina utzi zuen Altzan XX. mendean, nahiz eta ez den historia liburuetan agertuko.
Gizonen izen handiak dira, gehienetan, historia liburuetan agertzen direnak eta, ondorioz, eskolan ikasten direnak eta erreferente gisa buruan gelditzen direnak. Ordea, badira gizartean ekarpen handia eginda ere, historia liburuetan agertzen ez diren gizon eta, batez ere, emakumeak. Batzuk herrialde oso batentzat izan ziren garrantzitsuak, beste batzuk herri oso batentzat eta beste batzuk auzo oso batentzat. Azken hori da, hain zuzen ere, Eusebia Arruti Peñagarikanoren kasua; Maria eta Karlos Solana Arruti senideek Estibaus.info atari altzatarrean errepasatu dute bere bizitza.
XX. mendearen bigarren erdialdean Altzako ikastetxeetan hezi ziren belaunaldientzat, aski ezaguna izango da Señora Eusebia gisa ezaguna zen langile maitatua, urte luzez aritu baitzen han buru-belarri lanean.
Eztei bidaia, Loiolatik Herrerara
1923ko martxoaren 5ean Donostian jaioa, Juana Peñagarikano tolosarraren —bitxikeria gisa, Miss Tolosa izan zen gaztetan— eta Antonio Arruti arrasatearraren alaba zen, hamabi seme-alabatatik hamargarrena. Eusebia gazteak Vic herrian (Herrialde Katalanak) pasatu zituen 36ko gerrako azken bi urteak, ama hara joan baitzen alabekin, gerrarengatik han zebiltzan semeak elkartu nahian. Ez zuen lortu guztiak elkartzea, baina gerraren ondoren itzuli ziren Donostiara; Loiola auzora, zehazki.
Eusebia ezkondu egin zen, eta artikuluan senideek gogoratu dutenez, «beti kontatu izan zuen bere eztei bidaia Loiolatik Herrerara topoan egindako lekualdaketa izan zela». Gerora, senarrarengandik banandu egin zen, baita bide eklesiastikotik ere, garaian batere ohikoa ez zena; izan ere, «emakume liberala» eta «izaera handikoa» zela diote senideek.
Villas Doblesko 7. zenbakian —egun, Herrera pasealekua, 50—zazpi seme-alaba eduki zituen eta bertan bizi izan zen 2008ko abenduaren 17an zendu zen arte.
Bizi ez ezik, auzoan egin zuen lan bizitza osoan, Altzako ikastetxeetan: sukaldari gisa lehenengo eta atezain eta garbitzaile gisa ondoren. Zehazki, Buenavista, Oleta, Romualdo de Toledo eta Santa Barbarako ikastetxe publikoetan aritu zen, baita ondoren horien guztien bateratzea ekarri zuen San Jose de Calasanz zentroan ere. 1950eko hamarkadatik aurrera, populazio hazkunde handia eta jaiotza tasa altua eduki zituen Altzak, beraz, egun 50 eta 70 urte artean dituzten altzatar askorentzat, egunero ikusten zuten figura garrantzitsua zen Señora Eusebia.
Liburuak betetzen ez dituzten istorio horietako bat da Eusebia Arrutirena, baina auzoan arrasto ezabaezina utzi zuena.