Golekin egiten dira urratsak
Realak garaipen batekin bukatu du Europa ligako lehen fasea, PAOK mendean hartuta (2-0).
Irabazteak balio erantsia zuen. Horri esker, Realak Europa ligako final-hamaseirenetako itzulerakoa Anoetan jokatuko du. Orri Oskarsson aurrelariari esker, alajaina. Haren bi golek garaipena eman zioten talde txuri-urdinari. Islandiakoari beste bat baliogabetu zioten, eta hirugarrena egiteko zorian izan zen, baina baloia langara bidali zuen.
Egiari zor, Realak ez zuen partida ona jokatu, baina lehiakorrak izan ziren. Berdintzearekin nahikoa zen bi taldeentzat, baina PAOK greziarrek argi erakutsi zuten ez zirela puntu baten bila etorri Donostiara. Horrela, galtzak bete lan izan zituzten txuri-urdinek lehen zatian. Unai Marrero atezainak zapuztu zituen bisitarien gol aukerak. Gipuzkoarrak ondo baino hobeto aprobetxatu zuen titularra izatea, aspaldiko partez. Gero, Realaren gabezia nagusia arindu zuen Oskarssonek bere bi golekin. Aurrelariaren aferak luze jo du denboraldi honetan, eta argi geratu da islandiarrak zenbat eta minutu gehiago jokatu, errendimendu hobea ematen duela.
Etxeko lanak eta Europakoak beteta, final-hamaseirenetako arerioa ezagutzea falta da. Aukerak bi dira: AZ Alkmaar herbeheretarrak edo Midtjyland danimarkarrak.