Ibaeta Basketek garaipenari eutsi nahi dio

Gora begira jarraitzeko partida zaila izango du Ibaeta Basketek gaur iluntzean. Ferrolen pistan ariko dira, eta denboraldiko zazpigarren garaipena lortzea izango dute helburu, 20:15etik aurrera. Kanaria Handia Gaskan mendean hartu ondoren, arerio zaila izango dute zain. Aldiz, Gipuzkoa Basketek bihar jokatuko du Moronen pistan (18:00). Garaipen beharrean dira donostiarrak.
Eskubaloian, Bera Berak ez du atsedenerako tarterik. Europa ligako garaipen onaren ondoren, ligako neurketa jokatuko dute bihar Valladoliden kantxan (18:30). Lehentasunak ezarri dituzten arren, Europako lorpenak ligakoekin berdintzeko erronka dute.
Futbolean, Realeko bi taldeek etxetik kanpo jokatuko dute. Nesken taldea Madrilen aurka ariko da bihar, 12:00etan. Ligako goiko postuetan mantentzeko erabakigarria izango da, eta taldearen maila ona berresteko aukera paregabea. Mutilek, berriz, Europako garaipen garrantzitsuaren inertzia baliatu beharko dute Osasunaren kontrako euskal derbia irabazteko. Etzi jokatuko dute Sadar futbol zelaian (18:30), eta Espainiako Kopako partida erabakigarriagoaren atarikoa izango da.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek fase erregularreko azken aurreko partida jokatuko dute bihar Majadahondaren izotz pistan (22:00). Ez da denboraldi erraza izaten ari donostiarrentzat, eta ezustekoa ematen saiatuko dira.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Ferrol – Ibaeta Basket (gaur, ostirala, 20:15)
Gizonezkoen bigarren maila, 18. jardunaldia
- Moron – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 18:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 15. jardunaldia
- Valladolid – Bera Bera (bihar, larunbata, 18:30)
Futbola
Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia
- Madril – Reala (bihar, larunbata, 12:00)
Gizonezkoen liga, 22. jardunaldia
- Osasuna – Reala (etzi, igandea, 18:30)
Izotz hockeya
Gizonezkoen iberiar liga, 19. jardunaldia
- Majadahonda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 22:00)