«Serio hartzen dugun kirola da»
Goi mailako curling jokalariak dira Leire eta Oihane Otaegi (Amara Berri, 1977) ahizpa bikiak. Izotz gaineko kirol deigarri hau probatu zutenetik, bide luze eta emankorra egin dute. Entrenamendu, bidaia, partida eta lehiaketa askoren emaitza da. Curlinga haien bizitzako parte garrantzitsua da.
Noiz eta zergatik hasi zineten curlinga praktikatzen?
Oihane Otaegi (O.O.): Betidanik izan dugu lotura kirolarekin. Gainera, biok Gorputz Hezkuntza ikasketak egin genituen. Horrela ere, curlinga ez genuen ezagutzen, patinaje artistikoko Txuri Berri klubean prestatzaile fisiko gisa sartu nintzen arte. Munduko Curling Federazioak kirola sustatzeko harriak doan uzten zituela jakin zuten, eta curling talde bat sustatu zuen klubak. Orduan, klubeko presidenteak probatzeko aukera eman zigun 2004ko Gabonetan, eta bakoitzari pare bat lagun gonbidatzeko esan zigun. Nik Leire ahizpa eta lagun bat eraman nituen. Horrela ezagutu genuen curlinga, kasualitatez. Probatu eta gustatu zitzaigun. Javier Muriana eta Juli Paniagua senar-emazteak aipatu nahi nituzke. Sekulako pazientzia izan zuten zerotik hasi ginenoi curlinga erakusten.
Leire Otaegi (L.O.): 2004an hasi ginen praktikatzen, eta 2005eko maiatzean Madrilgo Espainiako Txapelketan parte hartu genuen emakumezkoen taldearekin. Partida guztiak galdu genituen, alde handiarekin. Horrela ere, esperientzia polita izan zen.
Ordurako, zenbat urte zenituzten?
L.O.: 28 urterekin hasi ginen curlingean, nahiko berandu. Praktikatzeko eta goi mailara iristeko beranduegi.
O.O.: Kirol hau ezagunagoa den herrialdeetan, txikitatik hasten dira curlinga praktikatzen. Kirol ezagunen parekoa edo garrantzitsuagoa da herrialde horietan. Haurrek harri txikiago batzuk erabiltzen dituzte, plastikozkoak direnak. Helduen granitozko harriek hogei kilo inguru pisatzen dituzte. Bitxikeria gisa, harri horiek soilik Eskoziako harrobi batekoak dira.
Aurretik, beste kirol batzuetan ibili zineten?
L.O.: Txikitan, gehienbat, gimnasia erritmikoan aritu ginen. Ez ginen onak, baina ondo pasatzen genuen. Lehiaketa batzuetan ere parte hartu genuen.
O.O.: Bueno, ni ez nintzen horren ona, baina Leire Espainiako txapelketetaraino iritsi zen. Gimnasiaz gain, korrika ere aritu izan gara.
«Hasi ginenetik, gure asmoa zen Espainiako txapelketa irabazi eta nazioartean ibiltzea»
Oihane Otaegi, curling jokalaria
Eta neguko kiroletan?
O.O.: Bai, noski. Biok Ikasbide ikastolan ikasi genuen, eta, orduan, gure gelak Anoetako izotz jauregiaren barruan zegoen. Handik izotz pista ikusten genuen, eta ikastolarekin patinatzera joaten ginen. Ordu asko sartu ditugu txikitan izotzarekin loturiko kirol bat praktikatzen.
L.O.: Eskia eta snowboarda ere praktikatu izan ditugu gaztetatik. Egia esan, denetarik probatu dugu, curlinga ezagutu genuen arte.
Kirol eta talde berean aritzen diren ahizpak, anaiak eta anai-arrebak daude. Ordea, zuek zarete biki bakarrak?
L.O.: Hemen ez dugu besterik ezagutzen, baina curlingean badaude biki txekiar batzuk. Gainera, haien kontra jokatu genuen taldearekin jokaturiko partida batean.
O.O.: Europako txapelketa batean, elkarren aurka aritu ginen. Oso argazki polita daukagu lauok batera. Bestalde, tenisean, Australiako irekian ahizpa biki batzuk lehian aritu berri dira binaka.
Curlingari dagokionez, hitz gutxitan zer den azalduko zenukete?
O.O.: Neguko kirol olinpiko bat da, eta, diotenez, kirol zaharrenetariko bat. Futbola bera baino zaharragoa. Eskoziako laku izoztuetan jokatzen zen. Saiatzen ziren harria lakuaren alde batetik bestera eramaten. Gerora, kirol bihurtu eta eboluzio bat izan zuen. Bestalde, curlinga neguko Olinpiar Jokoetan ikusle gehien dituenetako bat dela diote.
L.O.: Jokoari dagokionez, lau edo bi kidez osaturiko bi talderen artean jokatzen da. Lau kategoria daudela esan ohi da: gizonezkoena, emakumezkoena, mistoa eta misto bikoitza. Hortaz, taldeak lau gizonez edo emakumez osaturikoak dira, eta baita mistoak ere; bi gizon eta bi emakume. Misto bikoitza, berriz, gizon eta emakume batek osaturikoa da. Bosgarren kategoria bat ere bada, gurpildun aulkian jokatzen dena. Horiek denak olinpiarrak dira. Aldiz, gorren eta itsuen curlinga ere badago, baina ez dira paralinpiarrak.
O.O.: Estrategian oinarrituriko kirola da. Zortzi harriak botatzen direnean, erdigunetik edo diana itxurako etxetik gertuen daudenak kontatzen dira. Horien bidez, puntuazioa banatzen da, eta puntu gehien lortzen dituen taldeak irabazten du. Zenbaketa zailagoa denean, epaileak konpas berezi bat erabiltzen du distantziak eta bestelako aldagaiak neurtzeko.
Petankarekin konparatu izan dute…
O.O.: Bai, maiz aipatzen da, baina antzekotasuna ez da erabatekoa. Gure ustez, curlinga xakearen eta snooker-aren arteko zerbait da.
Curlingean irabazteko gakorik bada?
L.O.: Asko dira aintzat hartu beharreko gauzak. Harria azkarregi botatzen baduzu, ezin da askorik egin. Aldiz, suabe askatzen baduzu, erratzekin harri hori nahi duzun lekura bideratu dezakezu, bidea erraztuz, irristatuz. Ezin da frenatu, baina luzatu dezakezu irristaketa. Bestalde, harriak egiten duen parabola erratzekin kontrolatu dezakezu.
O.O.: Jokalariez eta epaileez gain, izotz teknikariak ere badaude partidetan. Ezinbestekoak dira izotzaren kalitatea, tenperatura egokia eta beste bermatzeko. Izotz pistaren tenperatura eta hezetasuna ere neurtu behar dira. Aldagai asko daude curling partida bat baldintza egokienetan egiteko.
Konplexua izan zen zuentzat curlingean urratsak egitea?
O.O.: Eman ditugun pausoak oso motelak izan dira. Anoetako izotz pistan, asteburutan hasi ginen entrenatzen, eguerditan, hockey partidak eta patinaje txapelketak jokatu izan direnetan. Ondorioz, astebururo partida bat edo txapelketa bat egoten zen, eta bertan behera geratzen ziren gure entrenamenduak. Orduan, ikusita hilean pare bat entrenamendu egiten genituela, asteburutan goizeko zazpietan entrenatzen hasi ginen. Halere, askotan atea itxita edo izotza prestatzeko makina izorratuta topatzen genuen.
L.O.: Horren aurrean, Suitzara joan ginen entrenamenduak egitera. Geneva eta Lausana hirietan ibili ginen, besteak beste. Bertakoak harrituta geratzen ziren gu han ikusita. Ostiralean joan eta igande gauean itzultzen ginen. Hegaldi merkeenak hartzen genituen, Bordeletik. Hau da, autoan haraino joaten ginen. Han hegaldia hartu, eta, Suitzan, ostatu merkeenetan geratzen ginen. Elikatzeko, berriz, janaria supermerkatuetan erosi eta kalean jaten genuen. Bestalde, han pasatzen genuen denbora gehiena entrenatzeko aprobetxatzen genuen. Egun bakoitzean sei orduko saioak egiten genituen, indar guztiak hustu arte.
Curlinga horrenbeste estimatzen zenuten baldintza horietan aritzeko?
O.O.: Egia esan, bai, oso ondo pasatzen genuelako. Bertakoek esaten ziguten izotz pistatik gertu bizi ziren asko ez zirela hurbiltzen entrenatzera, eta zeharo harrituta zeuden horren urrutitik soilik entrenatzera gentozela ikusita. Hori dela eta, pistaren giltzak doan uzten zizkiguten. Asko lagundu gintuzten.
L.O.: Hango jendeak ere pentsatzen zuen polora jokatzen genuela eta dirudunak ginela. Ordea, ez, hasieran, gure bidaiak odisea bat izan ziren.
Egindako apustuak merezi izan zuela erakutsi duzue.
O.O.: Noski, izotz onean entrenatzeagatik gure mailak hobera egin zuelako. Kanpoan egindako saioetan laguntzaileak izan ditugu. Batez ere, lehen mailako entrenatzaile oso onak, eta, gainera, guk ordaindu gabe. Gure esfortzua ikusita, gu laguntzeko prest agertu ziren.
L.O.: Adibidez, Olinpiar Jokoetan dominak irabazi dituztenen laguntza izan dugu.
Izan ere, urtetako lan gogorraren ondoren, txapelketak lehiatzen eta irabazten hasi zineten, ezta?
O.O.: Hasi ginenetik, gure asmoa zen Espainiako txapelketa irabazi eta nazioartean ibiltzea. 2011n lortu genuen hori nesken taldearekin, eta Moskun jokaturiko Europako txapelketan parte hartu genuen.
L.O.: Pentsa, nazioarteko gure lehen esperientzia Moskun izan zen. Sekulakoa izan zen.
O.O.: Telebistan ikusten genituen curling taldeekin batera aritu ginen pista erraldoi batean. Gainera, hotel ofizialean hartu genuen ostatu. Horrela ere, garai hartan, Espainiako Federazioa diruz eskas zebilen, eta gogoan dut jantzi ofizialak guk egin eta ordaindu behar izan genituela. Moskuko hamar egunetako janaria ere guk ordaindu genuen. Soilik bidaia eta hotela ordaindu ziguten. Zorionez, gaur egun egoera beste bat da, eta federazioak dena ordaintzen du.
Txuri Berri kirol taldeak 2004an sustatu zuen zuen curling atala. Ordutik, haren ordezkariak zarete, eta geratu zareten bakarrenetakoak ere.
L.O.: Curling taldea osatu zenean, jende asko sartu zen. Denbora luzez talde polita izan genuen. Dena dela, atzerrira entrenatzera joaten hasi ginenean eta txapelketetan parte hartzen, askok utzi zuten kluba arrazoi pertsonalengatik. Jende asko bidean geratu zen exijentzia mailak gora egin zuelako.
O.O.: Hogei bat izatetik, soilik hiru donostiarrek jarraitzen dugu. Beste guztiek utzi dute. Maila onean aritzeko ordu asko sartu behar dira. Azken batean, zaila da astean zehar lan egin, eta ostegunetik igande gauera arte kanpoan egotea entrenatzen eta txapelketak jokatzen.
Bizitza erritmo honetara ohitu zarete?
O.O.: Ez dakit, baina curlingean aritzeko eta lehiatzeko gogoarekin jarraitzen dut.
L.O.: Ni lasaiago nabil, alaba txiki bat dudalako. Txapelketa batzuetan parte hartu dut, baina gutxiago jokatzen ari naiz. Aitona-amonen laguntza badugu, baina ez da horren erraza zaintza, lana eta kirola uztartzea.
O.O.: Ulertu behar da ez dela kapritxo bat. Serio hartzen dugun kirola da.
L.O.: Azken batean, ofizialki goi mailako kirolariak gara, nahiz eta batzuek ez duten ulertzen.
«28 urterekin hasi ginen curlingean. Praktikatzeko eta goi mailara iristeko beranduegi»
Leire Otaegi, curling jokalaria
Hain zuzen ere, curlingari esker ez zarete bizi. Zertan lan egiten duzue?
O.O.: EHUko haur hezkuntzako irakaslea naiz Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean.
L.O.: Nik, berriz, Zuhaizti udal kiroldegian egiten dut lan hainbat kirol jarduera ematen.
Oihane, bien artetik ezagunagoa zara Mikel Unanue kide eta bikotekidearekin batera misto bikoitzean daramazun ibilbidearengatik.
O.O.: Errazagoa da bi pertsona mugitzea, bost baino. Nik, lehen, ordu asko sartzen nituen emakumezkoen taldean, eta Europako sei txapelketetan parte hartu dut Leirerekin batera. Ordea, zaila da entrenamenduak antolatzea eta txapelketetan parte hartzea. Mikelekin, berriz, dena askoz errazagoa izan da, nire bikotekidea delako. Bestela, ezinezkoa izango litzateke. Bestalde, misto bikoitzaren kategorian lehiatzea praktikoagoa da. Ondorioz, gehiago lehiatu dugu, eta hedabideetan gehiagotan azaldu gara.
L.O.: Ni Oihaneren ahizpa bikia naiz, bai [barrez]. Oso harro nago lortu duen guztiarekin, bai Mikelekin eta baita nirekin ere.
Batak zein besteak palmares polita osatu duzue egun arte. Espainiako emakumezkoen txapelketa elkarrekin zortzi aldiz irabazi duzue, eta misto txapelketa bederatzi aldiz. Halere, aipagarrienak dira 2018an Kanadan eta 2023an Eskozian lorturiko zilarrezko dominak Munduko curling mistoaren txapelketan. Mikel Unanuerekin eta Sergio Vezekin lortu zenituzten.
L.O.: Guretzako sekulako ezustekoa izan zen, batez ere, Kelownan (Kanada) irabazitakoa. Lauak bakarrik joan ginen Kanadara, entrenatzailerik gabe. Bidaia perfektua izan zen.
O.O.: Mikel eta Sergio Kanadan egondakoak ziren, baina gu ez. Beraz, ederra izan zen curlingaren epizentrora joatea, eta, gainera, domina bat irabaztea. 2017an bederatzigarren postuan geratu ginen, eta 2015ean hemeretzigarren ere izan ginen.
L.O.: Txapelketa hura asko gozatu genuen. Finala etxeko selekzioaren kontra jokatzea oso berezia izan zen.
Oihane, Espainiako misto bikoitzeko txapelketa sei aldiz irabazi duzu Mikelekin. Pasa den abenduan, ordea, zilarrarekin konformatu behar izan zineten. Zer gertatu zen?
O.O.: Sekulako amorrua sentitu genuen. Bide motzetik sailkatu ginen finalera, irabazteko gai ikusten genuen geure burua. Partidaren lehen zati oso ona egin genuen, baina bigarren zati nahiko txarra.
Horrela ere, zuek ordezkatuko duzue Espainia Kanadako Munduko Txapelketa Mistoan. Apirilaren 26tik maiatzaren 3ra bitartean jokatuko da. Zein helbururekin joango zarete?
O.O.: Orain arte egindakoa hobetu nahiko genuke, baina, batez ere, gure mailan aritzea. Azken urteotan ondo aritu izan gara.
Atzerrira etengabe joaten zareten arren, Donostian bizi zarete. Curlinga praktikatzeko eta entrenatzeko, hirian azpiegitura propio bat izatea posible da?
O.O.: Gustatuko litzaiguke Donostian curling pista propio bat izatea, baina badakigu oso zaila dela. Batez ere, diru asko behar delako. Ezinbestekoa litzateke goi mailan aritzeko eta harrobia lantzeko. Aisialdirako ere balioko luke.
L.O.: Izan ere, curlinga ez da soilik goi mailako kirola. Beste herrialde askotan aisialdirako gune dira curling pistak, eta adin tarte guztietako pertsonek jokatzen dute. Jubilatuak aritzen dira, enpresek ere baliatzen dute talde dinamikak lantzeko, eta abar. Duela gutxi Eskozian ikusi dugun errealitatea da.
O.O.: Maialen Chourrautek ez badauka kanalik Donostian, nola eskatuko dugu guk curling pista bat? Lehentasunak daude, eta curlinga ez dago horien artean. Gainera, Anoetako izotz jauregia zaharkitua dago, eta, lehendabizi, hori berritu beharko litzateke.