Zortzi urtez espekulazioari lapurtutako etxea, hiriaren bihotzean
Hamaika izan dira Abuztuaren 31ko 17. portalean okupatuta egon den etxean bizi izan diren gazteak, azken zortzi urteotan. Etxearen jabetza «esku batetik bestera» igaro duten honetan, agur esatea tokatzen zaie gaur Irati Sanchez eta Markel Alonso azken bizilagunei.
Parte Zaharrak hiru bizilagun gutxiago izango ditu gaurtik aurrera. Etxe kaleratze baten ABD-a egin dute etxejabeek: telefono deiak, mehatxuak eta bisita deseroso eta biolentoak. Okupazioa delitu bat den arren, etxe bat okupatzen dutenek badituzte legearen aurrean hainbat berme, etxejabeek eta haiek erabiltzen dituzten enpresek gero eta gehiago ahazten dituztenak. Eta Desokupa iritsi ez bada ere, hamaika izan dira Abuztuaren 31ko 17. portalean dagoen etxeak jasandako «eraso eta mehatxuak».
Duela zortzi urte okupatu zuten etxea hainbat lagunek, eta ordutik asko izan dira etxean bizi izan diren lagunak. Azken urtean, ordea, etxejabe berriek euren eskutan egon den guztia —eta apur bat gehiago— egin dute gazteak kaleratzeko. «Milioi bat» telefono dei jaso ditu Markel Alonsok jabeen aldetik: «Beste jende askori bezala, auzotik joatera behartzen gaituzte», kontatu Alonsok. «Zergatik bizi zarete hemen eta ez Oiartzunen edo Errenterian?», esan zieten telefonoz.
Etxea, espekulatzaileentzat
Hipoges putre funts erraldoiaren barruan dagoen Mapota enpresak bota nahi ditu Parte Zaharreko bizilagun hauek, Irati Sanchezek azaldu duenez. Duela zortzi urte, ez zen haiena etxea. Parte Zaharreko enpresari batena zen etxe hau —bai eta, adibidez, hor azpian zegoen jatetxearen jabea ere, egun Birunda gune autogestionatua dena—. Enpresariak mehatxuak egin zizkien, eta esan zien «oiloei lepoa bihurritzen zaien moduan» bihurrituko ziela haiei ere, Alonsok oroitu duenez.
Kutxak putre funtsei saldu zien etxea, eta gaur da eguna Abuztuaren 31ko etxea hustu behar dutena
Enpresaria ez zen, ez, joko garbietan ibiltzearen zale, eta iruzurrak zirela eta zorrak zirela, zituen jabetzak enbargatu zizkion Kutxak, eta Donostiatik «ospa» egin zuen. Kutxak, ondoren, putre funtsei saldu, eta gaur da eguna Abuztuaren 31ko etxea hustu behar dutena. «Espekulazioaren logika hutsean mugitu da etxe honen jabetza, esku batetik bestera», kritikatu du Alonsok.
Okupazioaren sarea
Duela zortzi urte, etxe hau okupatu zutenean, beste hainbat okupatutako etxe zeuden Parte Zaharrean, eta Donostiako okupazio mugimenduak bazituen bere tresnak: Okupazio Bulegoa, esaterako. Haien artean, elkar antolatu eta elkar babestu ziren hainbat urtez.
Egun, ordea, muturrekoa da etxebizitzaren arazoa hirian, eta horrekin batera okupazioarena. «Kaleratze beroak» ugaritu egin direla nabarmendu dute. Hau da, etxera sartu bezain laster Polizia bidali eta kaleratu egiten dituzte. Putre funtsek eta atzerriko kapitalek erosten dituzte etxeak orain.
Okupazioa, «tresna» gisa
Azken urte osoan zehar «etengabeko mehatxuak» izan direla eta, epaiketa begi bistan, akordioa proposatu diete gazteek etxejabeari. Hiru lagunentzako etxebizitza alternatiba bat lortu ezean, diru kantitate «majo» bat lortu dute, eta okupazioaren aldeko borrokan jarraitzeko erabiliko dute, auzoko eragileen artean banatuz, eta isunak jaso dituzten hainbat kolektiboren artean banatuko dute.
Okupazioa «tresna gisa» eraginkorra dela aldarrikatu dute biek: «Zortzi urte daramatzagu espekulazioari etxe bat lapurtzen, Donostiaren bihotzean». Egun dauden etxebizitza politikak eta laguntzak «partxe» bat direla salatu dute, «adin tarte mugatu batentzat soilik» direlako, eta, azken finean, «diruak etxejabeen poltsikoetan bukatzen duelako, etxebizitza merkatutik atera beharrean».
Sanchezen ustez, «gero eta zailagoa den arren, okupazioak alternatiba izaten jarraitzen du, Donostian etxe huts pila bat daudelako oraindik. Okupazioaren kontrako propaganda izugarria egon arren, ez zaio beldurrik eduki behar». Eta guztia ez dago galduta, ez, noski. Aipatutako Birunda gune autogestionatuak duela gutxi irabazi du epaiketa, eta bertan mantendu ahal izango da datozen hilabete eta, akaso, urteetan. Parte Zaharraren bihotzean, turistifikazioari eta espekulazioari aurre egiteko tresna bat gehiago. Bizilagunez hustutzen ari den arren, esperantza pixka batek argitu dezan auzoa, lehenik, eta hiria, ondoren.