5.000 etxebizitza babestu berri eraikitzeko akordioa erdietsi dute udalak eta Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak akordioa egin dute, Donostian babes ofizialeko 5.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko. Hala azaldu du Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, eta “historikotzat” jo du akordioa: “Argi dagoena da erakundeen arteko egungo lankidetzaren erritmoa eta maila, alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen parkea nabarmen handitzeko, ez zela nahikoa, eta Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza zorroa eskuratu eta berehala egin genuen lehen diagnostikoa dela”.
Akordio horren bidez, udalak hamabi udal lurzati lagako dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta Jaurlaritzak “konpromisoa” hartu du etxebizitza horien garapena sustatzeko, “Gipuzkoako hiriburuan gero eta handiagoa den etxebizitza eskariari erantzuteko”. Zehazki, akordioak aurreikusten du Jaurlaritzak etxebizitza babestuak eraikitzea, besteak beste, Altzako Auditz Akular eremuan, Loiolako kuarteletan, Txomiñenean, Martutenen eta Easoko trenbidearen eremuan.
Aspalditik daude aurreikusita hirigintza garapenak eremu horietan guztietan, baina kontuan eduki behar da, besteak beste, Altzako Auditz Akular berdegune handian eraikitzearen aurka daudela herritar ugari, Altza XXI Herri Ekimena buru: besteak beste, ekialdeko auzoetako hogei elkartek iradokizun bateratua aurkeztu zuten bertan eraikitzea aurreikusten duen HAPOaren aurrerakinaren aurka, 500 sinaduratik gora bilduta. Kuartelei dagokienez ere oraindik bidea dago egiteko, izan ere, atzerapen handiarekin doa eremua udalaren esku gelditzeko operazioa, besteak beste, Espainiako Kostaldeko zuzendaritzak kolokan jarri zuelako iaz proiektua, mugatze lerroaren harira.
Hala ere, baikorra da Itxaso, eta akordio hori “hasiera” baino ez dela nabarmendu du: “Inoiz ez da horrelako plangintzarik onartu bi erakundeen artean. Donostian alokairuko BOEen ia 7.000 eskatzaile ditugula Etxebiden erregistratuta kontuan hartuta, udalarekin adostutako ibilbide orri honek eskariaren ehuneko oso altuari aurre egiteko aukera ematen digu”. “Orain, erritmoa ezarri behar diegu hirigintzako izapideei, administrazioen arteko funtzioen banaketari eta proiektu eta obren lizitazioari”, gaineratu du Itxasok.