Hiri erronkak ebazteko ideia lehiaketa abian du Donostia Sustapenak
Hiriko enpresa txiki eta ertainek, startup-ek eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kideek parte har dezakete abenduaren 31 baino lehen beren ideiak helarazita.
Donostia jasangarriago eta lehiakorrago egingo duten irtenbide berritzaileak identifikatu eta garatzeko helburuz, ideia lehiaketa martxan jarri du Donostia Sustapenak. Hiriaren “benetako beharrei” erantzungo dieten diziplina anitzeko erantzun “azkar eta jasangarriak” bultzatu nahi dituzte, tokiko berrikuntza ekosistemaren gaitasunei “onura aterata”.
Lehiaketa 2023-2027 gobernu programaren esparrukoa da, Donostia zientziaren eta ezagutzaren hiri moduan kokatu nahi duena, unibertsitate ikerketa zentro eta enpresa teknologiko aurreratuen arteko lankidetza sustatuz, kalitatezko enpleguaren eta tokiko aberastasunaren mesedetan. Horrexegatik, hiriko enpresa txiki eta ertainek (ETE), startup-ek eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kideek parte har dezakete.
Ideiek funtsezko erronkekin lotura izan beharko dute, hala nola, azpiegituren jasangarritasuna, klima neutraltasuna, hiri berroneratzea, zerbitzu publikoen eraldaketa digitala edo tokiko garapen sozioekonomikoa, besteak beste; eta zenbait betekizun ere kontuan hartu: hiriaren eta herritarren benetako erronkei erantzutea, eskalagarriak, jasangarriak eta inpaktu handikoak izatea, hirian probatzeko modukoak, 12-18 hilabeteko epean, eta ikuspegi berritzailea eta berezia edukitzea. Gainera, ezagutzaren eta berrikuntzaren erabilera intentsiboan oinarritu beharko dute.
Parte hartu nahi dutenek abenduaren 31 arte aurkez ditzakete beren ideiak. Eskabideak, beharrezko agiriekin batera, telematikoki bidali beharko dituzte Fomentosansebastian.eus webgunearen bidez. Aurkeztutako irtenbideak hiriko ingurune errealetan probatu ahalko dira, merkaturatu aurretiko balioztatzea ziurtatuz eta hiri berrikuntzarako ereduari ekarpena egiten diotela bermatuz.