IRUTXULOKO HITZA, «talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik» saritua
IRUTXULOKO HITZAk Prentsa arloko Argia Saria jaso zuen pasa den ostiralean, Usurbilgo Atxega jauregian, “eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik”.
Ane Gaztelumendi Argia-ko lankidea izan zen saria entregatzeko arduraduna, baita Donostiako hedabidea saritzeko arrazoiak azaltzeko arduraduna ere. Zera nabarmendu zuen: “Hedabide kontserbadore eta handienak gizartea bustitzen ari dira delinkuentzia txikiarekin lotutako informazio zirimiriarekin. Segurtasun faltaren ideia hauspotzen dute, munstro guztiei ateak irekitzeko batzuek erabili nahi luketen komodina. Eta horretarako izu soziala elikatu behar. Diskurtso arrazistak, joera autoritarioak eta poliziaren indarkeria gora doazela ikusten ari gara batean eta bestean. Ez da Euskal Herriko arazo esklusiboa, eta gurean ez dago duela zenbait hamarkada bezain indartsu –gogoratu garai hartako ‘egunez uniformatuak, gauez inkontrolatuak’ aldarria–. Baina gora dator, nazioartean ikusten den bezala, eta horrek bai, beldurtzen du, gizarte justuago baten alde dagoen edonor. Eta eskuin muturraren aurka, zer egin? Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik? Gaur sarituko dugun hedabideak erakusten digu bidea. Posizio editorial garbia, elkarlana oinarri, auzoetatik hasita eta gaiari gertuko kazetaritza jarraipena eginda, nahiz eta horrek faxisten seinalamenduak eta mehatxuak eragin kazetariei”.
Antton Mendizabalek egindako oroigarria Beñat Parra, Xalba Ramirez, Andrea Bosch eta Aizpea Aizpurua lankideek jaso zuten, eta Boschek eta Ramirezek hartu zuten hitza, saria eskertu eta tokiko kazetaritzaren garrantzia aldarrikatzeko. Ekitaldi osoa hemen ikus dezakezue eta, jarraian, IRUTXULOKO HITZAren hitzartzea osorik ikus dezakezue, bideoan: