«Lan hau argitsuagoa, koloretsuagoa eta freskoago da»
Argazki Bat Behelainoan taldeak bi egun barru kaleratuko du 'Geldi gu eta dena huts' EP berria.
Donostiako Argazki Bat Behelainoan taldeak etzi plazaratuko du Geldi gu eta dena huts (Bonberenea Ekintzak) lan labur berria. Bost abestikoa izango da, eta horietako bi aurreratu ditu. Faborez da bigarrena, eta bideoklip batekin sareratu du.
Segurtasun eza aurreko lanarekin alderatuta, desberdina dela dio prentsa oharrak: “Aurreko diskoa barnerakoia eta nolabait ilunagoa bazen, oraingo hau argitsuago, koloretsuago, freskoago datorkigu, lotsagabe”. Dena dela, mezu deigarri bat ere badakar ohar horrek hasieran: “Demagun berandu dela, etxeak itxiak eta hutsik daudela, margoa lehortu dela. Demagun biharko eguna gaurko egun bera izango dela. Demagun, kontraesanak kontraesan, libre garela”.
Beste aurrerapena, Berandu da izeneko kanta da:
Arkaitz Artola (Egia, 1982) musikariaren bakarkako proiektua da Argazki Bat Behelainoan. Lan berri honetarako, beste hainbat musikari eta lagun izan ditu alboan: Iker Vazquez (bateria), North Asuna (saxoa) eta Urtzi Aizpuru (tronboia). Hitzei dagokionez, bestelako laguntzaileak izan ditu: Ion Olano Carlos, Mikel Peruarena Ansa eta Jon Markel Ormazabal Gaztañaga.
Karlos Osinagaren gidaritzapean grabatu du lana Tolosako Bonberenea estudioan. Artolak berak diseinatu du azala, Jaione Dagdrømmerren argazki bat oinarri gisa hartuta.