Maria Eraunzetamurgil etxera itzuli da
Ibaeta Basketek harrobiko jokalariaren itzulera iragarri du.

Emakumezkoen ligako bigarren itzuliari aurre egiteko, Ibaeta Basketek taldea sendotzea erabaki du. Horrela, Maria Eraunzetamurgil harrobiko jokalari donostiarra etxera bueltan da. Valentziarekin zuen kontratua eten, eta etxeko taldearekin ariko da sasoi bukaerara bitarte.
Eraunzetamurgilek 2015-2016 denboraldian egin zuen debuta Ibaeta Basketekin, eta sei urte egin zituen etxeko taldean. 2021-2022 denboraldian Lugora joan zen, eta urtebete egin ondoren, Estudiantesekin fitxatu zuen. Madrilen estatistika oso onak egin zituenez, Valentziak fitxatu zuen hiru urterako. Ordea, Donostiara itzuliko da donostiarra.
“Maria fitxatzeak defentsan, errebotean, erasoko energian eta ukiezinetan sendotasuna ematen dio klubari, baita Ibaetako jokalari maitatua itzultzeko ilusioa ere”, adierazi du Ibaeta Basketek.