Reala ligako hiru onenen artean kokatu da
Txuri-urdinek partida bikaina jokatuta menderatu dute Madril, Espainiako hiriburuan (0-2).

Europa gero eta gertuago dute Realeko neskek. Ligan denboraldi erregularra eta txukuna egiten ari dira, eta horri esker, sailkapeneko hirugarren postura iritsi dira. Batez ere, asteburuan Madril bere etxean gainditu ostean (0-2). Neurketa ona jokatu zuten txuri-urdinek, eta Nerea Eizagirre kapitainak eta Lucia Pardok egindako golei esker hiru puntu garrantzitsu ekarri dituzte Donostiara. Bartzelona eta Real Madrilen atzetik, sailkapeneko hirugarren tokian dago Reala 32 punturekin. Gainera, partida bat gutxiago jokatuko dute. Hain zuzen ere, Real Madril bigarren sailkatuaren kontra etzi jokatuko dutena, Zubietan (19:00).
Mutilen taldeak, berriz, hirugarren porrota jarraian kateatu du ligan. Hiru txapelketa jokatzen aritzeari neurria hartu ezinda dabiltza. Osasunaren kontrako euskal derbia galdu zuten atzo, Sadarren (2-1). Txuri-urdinek ez zuten partida txarra jokatu, une askotan arerioa baino hobeak izan ziren, baina eskas aritu ziren bi areatan. Horrek nabarmen zigortu zuen taldea, eta osteguneko Kopako neurketari begira ez da aurrekaririk onena. Izan ere, berriz ere Osasunaren aurka ariko dira, baina Anoetan. Huts egindako guztian asmatuta, Reala finalerdietara igaroko da.
Saskibaloian, Ibaeta Basket hasi da lehiakorragoa izaten, galdu arren. Ostiralean, gertu izan zuten garaipena Ferrolen kontra, baina galiziarrek kudeatu zuten hobeto azken laurdena (62-51). Bigarren itzulian garaipenak metatzen jarraitzea besterik ez dute donostiarrek. Bestalde, Gipuzkoa Basketek bai lortu zuela saria, etxetik kanpo. Moroni irabazi zioten partida lehiatu batean (74-81).
Eskubaloian, Bera Berak golen makina martxan jarri zuen Valladoliden kontrako norgehiagokan (36-40). Halabeharrez izan zen, arerioak ere estutu zuelako. Karsten izan zen golegile nagusia, hamar egin zituelako, horietako bost penalti bidez. Garaipen esanguratsuari esker, sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira donostiarrak, Malagarekin berdinduta. Eta ez, atsedenik ez dute izango. Etzi, Elx hartuko dute Gaska kiroldegian, 19:00etan.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek gertu dute ligako fase erregularraren bukaera. Majadahondaren izotz pistan, azken unera arte borrokatu zuten partida, arauzko denbora berdinketarekin bukatu zelako. Ordea, luzapenean etxekoek lortu zuten garaipenaren gola (5-4). Otsailaren 22an jokatuko dute azken partida.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia
- Madril 0 – Reala 2
Gizonezkoen liga, 22. jardunaldia
- Osasuna 2 – Reala 1
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Ferrol 62 – Ibaeta Basket 51
Gizonezkoen bigarren maila, 18. jardunaldia
- Moron 74 – Gipuzkoa Basket 81
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 15. jardunaldia
- Valladolid 36 – Bera Bera 40
Izotz hockeya
Gizonezkoen iberiar liga, 19. jardunaldia
- Majadahonda 5 – Txuri Urdin 4