Ehizaren debekua eskatu dute ehun bat lagunek
Ehizarik ez plataformak deitutako protesta ekintzan, ehizarako baliatzen diren txakurren, bereziki galgoen, babesa ere aldarrikatu dute.
Ehun bat lagunek parte hartu zuten igandean ehizaren debekua eta jarduera horretarako baliatzen diren txakurren babesa aldarrikatzeko protestan. Ehizarik ez plataformak deitutako manifestazioa eguerdian abiatu zen Bulebarretik Galgoekin eta beste arraza batzuekin ehizatzeari ez zioen pankarta baten eta PACMA alderdi animalistaren beste baten atzean.
Plataformak 2010etik urtero deitzen du ehizari ukoa adierazi eta “harekin batera doazen diskriminazio guztiak” gaitzesteko ekintza. Aurten Estatuko 70 hiritan eta Europako 30etan aurrera eraman dute.
Salbuespenik gabe izaki bizidun guztiak babestuko dituen legedia sustatu nahi dute kideek, baita natura ez dadila “kirol hilgarri baten” jokaleku izan. Era berean, ehiza txakurrak Animalien Ongizateari buruzko Legetik kanpo utzi izana kritikatu dute eta “txakur guztiak” babesteko arau bat eskatu, “haien erabilera edo jarduera edozein dela ere”. Izan ere, zehaztu dutenez, ehiza denboraldiaren amaieran asko abandonatu eta hil ere egiten dituzte.